Festa bete-betean daude Otegienea-Majori auzoko bizilagunak
Haurrentzako marrazki tailerra eta Urdaneta taldearen dantza saioa izan dira goizeko ekintza nagusiak. Arratsaldean, mus txapelketa eta musika taldeak izango dira.
Urdaneta taldeko dantzariak. Atzo hasi zituzten San Joan jaiak Otegienea-Majori auzoko bizilagunek, eta gaur ere giro paregabean eman die jarraipena ospakizunei.
11:00etan hasita, haurrek marrazki tailerrean parte hartzeko aukera izan dute, eta 12:00etan, Urdaneta taldeak ohiko dantza saioa eskaini du. Goizeko ekitaldiek auzotar ugari bildu dituzte, eta giro paregabea izan da.
Eguerdian bazkari herrikoia egingo dute, eta ondoren, bingo saioa. Arratsaldean, berriz, XV. Mus Txapelketa jokatuko da, eta buruhandi eta erraldoien kalejirez gain, Soulanders taldeak jarriko du musika eta giroa iluntzera arte. Gauean, mozorro festa ospatuko dute, eta Boost taldearen kontzertuak zein DJ sorpresa batek emango diote amaiera egunari.
Bihar ere izango da zer egin eta ikusi. 12:30ean XVII. Patata Tortilla lehiaketa egingo dute, eta 16:00etan Toka lehiaketa. Horrez gain, goizean aurpegi margoketa saioak izango dira, arratsaldean magia ikuskizuna, eta gauean sevillana dantzaldia.













