28. Gazte Festak bihartik larunbatera Zaldibian
Bihar txupinazoarekin hasiko dira Gazte Festak, 17:00etan. Zaldibiako Gazte Asanbladak kamixetak ere atera ditu jaietarako.
27. Zaldibiako Gazte Festak.Iñaki Gurrutxaga 28. Gazte Festak hasiko dira bihar Zaldibian. 17:00etan izango da txupinazoa, eta larunbatera arte ekintza ezberdinak antolatu ditu Zaldibiako Gazte Asanbladak. Gainera, kamixetak atera dituzte jaietarako.
Bihar, 18:00etan baltsa jaitsiera egingo dute Goiztiri txarangak girotuta. 21:00etan ogitarteko afaria izango da eta jarraian, 22:30ean film laburra emango dute. «Gaztetxeak egiten du film laburra Zaldibiako bizipenetan oinarrituta», adierazi du Zaldibiako Gazte Asanbladak.
Ostiralean umeentzako ur-jolasak egongo dira 11:00etan. Arratsaldean Sasi Pilotariko finalak jokatuko dira, mutilena eta neskena. Jarraian sagardo dastaketa egongo da. Kontzertuak 22:00etan hasiko dira: Dhoa, Ahantzi erromeria eta DJ Lizarrusti.
Larunbatean hasteko, Zubi-blok eskalada ekimena egongo da, 16:00etan eta 20:00etan ekitaldia egingo du Gazte Asanbladak. Jarraian pintxo lehiaketa izango da. Kontzertuak 23:00etan hasiko dira: Txamakos, DJ Euzkolabel eta DJ Pirritx eta Porrotx.
4. Zubi-blok Topaketa
Gailurrerantz Zaldibiako Mendi Elkarteak Gazte Asanbladarekin eta udalarekin batera Zubi-blok IV. Topaketa antolatu dute larunbatean. 5 euroko kuota ordaindu beharko du apuntatu nahi duenak, eta izen ematea www.kronoak.com webgunean egin behar da. Mendi elkarteak dio eskolatako zubia «probatzeko bide ezberdinak» egongo direla.
Eskalatu ahal izateko bakoitzak «bere katu oinak» eraman behar dituela azaldu dute Mendi Elkartekoek, bainujantzia eta toaila gomendatzearekin batera. 40 eskalatzaileko muga izango da, eta 18 urte azpikoek gurasoen baimenak beharko dituzte. Bukaeran oparien zozketa egingo dute.













