Errugbi zaleen garagardo azoka erraldoia
26. aldia izango du bihartik zapatura bitartean ospatuko den Garagardo Azokak. 18:00etatik 00:00etara bitartean, jatekoa zein edatekoa izango da eskuragai.
Garagardoaz gain, sagardoa dastatzeko aukera ere izango da.Arkaitz Apalategi. Ekaina bukatzen ari da eta horren seinale izaten da Ordizia errugbi taldeak antolatutako Garagardo festa erraldoia. Aurten 26. aldia izango du eta ostegunetik zapatura bitartean ospatuko da, hilaren 25etik 27ra. Ohiko osagaiekin bueltatuko da aurtengoan ere, eta herritarren arteko topagune izatera eta elkarteari ekarpen ekonomikoa egitera etorriko da. Era horretan, Beti Alai pilotalekua garagardo azoka erraldoi bilakatuko dute hiru egunez, arratsaldeko 18:00etatik 00:00etara. Iazkoan bezala, aurten ere igandea baliatuko dute klubaren eguna ospatzeko.
Eskaintza zabala izango dute bertaratzen diren herritarrek, nazioarteko garagardoez gain, zenbait euskal garagardo ere probatu ahal izango baitituzte. Jatekoa ere izango da, eta bertan jateaz gain, etxera eramateko aukera ere izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Beganoek, gainera, aurtengoan ere izango dute janaririk.
Entrenatzaile berria
Aurtengo denboraldiari agurra egiteko modua ere izango da garagardo azokarena, bai eta entrenatzaile berriari ongi etorria egitekoa ere. Klubak orain aste batzuk iragarri zuen Suso Romerok ez zuela lehen taldearen esanetara jarraituko, eta jakinarazi berri duenez, Simone Ragusi irlandarra izango da entrenatzaile berria. Jokalari zein entrenatzaile gisa nazioarteko ibilbide luzea du bizkar gainean, eta klubak azaldu du irrikaz hartuko dutela: «Ilusioz gainezka gaude taldeari eta harrobiari emango dion guztiarengatik».













