Hainbat aldaketa beroagatik, sanjoanetako azken egunetan
Herritarrentzako hamaiketakoa Zopa-jale elkartean egin dute gaur eta bertso saioa Botikaxarrera aldatu dute. Gaur ez da Joselu Anaiaken emanaldirik izango, eta bihar ezta jaien amaierako su artifizialik ere.
Jende ugari atzo gauean, Balantza taldearen emanaldian. Segurako Udala Beroak ez ditu segurarrak kikildu eta San Joan jaien azkeneko txanpari gogoz heldu diote. Hori bai, muturreko beroaren eraginez, hainbat aldaketa egin dituzte azken egunetarako antolatuta dauden ekitaldi batzuetan.
San Joan bezperako suak ez zuen aurreko urteetako dimentsiorik izan atzo iluntzean, alarma gorriaren ondorioz, su txiki eta kontrolatu bat egin zuten plazan, urtero, segurarren ikusmira pizten duen herri akelarrearekin batera. Gainontzeko su guztiak debekatu zituen udalak, segurtasuna bermatzeko.
Aldaketak gaur
Gaur, San Joan eguna, jaietako egun handia dute Seguran. Herritarrentzako hamaiketakoa Zopa-jale elkartera leku aldatu dute beroagatik eta eguerdian plazan egitekoa zen bertso emanaldia, Botikaxarren egin dute azkenean. Maddalen Arzallus eta Sebastian Lizaso aritu dira bertsotan.
Bertan behera gelditu dira, bestalde eguerdian Joselu Anaiak taldeak eman behar zuen kontzertua; eta arratsalderako iragarrita zeuden buruhandi eta erraldoien kalejirarik ere ez da egingo gaur. DJ Bertoren saioa ordu erdiz atzeratu dute eta 20:00etan hasiko da, azkenean. Gau Argi taldearen erromeria bere horretan mantenduko dute, 23:00etan.
San Joan bigarrenarekin amaituko dituzte jaiak bihar Seguran. Beroak bihar goizean gutxienez, jarraituko duenez, bertan behera geratu da 12:00etan hastekoa zen toka eta bola txapelketa. Jaiei amaierako su artifizialik ere ez da egongo biharkoan.
Ikusi egitaraua osorik hemen.

San Joan bezperako sua eta herri akelarrea, neurri bereziekin atzo. UDALA.













