Miren Salmeron mapa eta unibertsoetan murgildu da
Legazpiko osteopatak liburu batean bildu du 34 urtetan gorputzaren autozainketari eskainitako lanaren emaitza. Bihar aurkeztuko du Kultur Etxean, eta larunbatean Mimaru lora dendan.
Miren Salmeronek Mapas y universos liburuan bildu du autozainketari eta osasun integralari eskainitako 34 urteetako esperientzia, eta bihar aurkeztuko du Kultur Etxean, 18:00etan. Irakurlea bera protagonista duen liburuaren bigarren aurkezpen bat ere egingo du, larunbatean 12:30ean, Mimaru lora dendan. Bi hitzordu horietan erosi ahal izango da liburua, 20 euroan, eta gero Mimarun eta Apatxo liburu dendan egongo da salgai. Postaz ere bidaliko du Mirenmore.com webgunean eskaria eginda.
Salmeron (Legazpi, 1974) osteopata da, eta gizakiaren gorputzaren zaintza du lanbide. Gaur egun, duela ia 16 urte Legazpin ireki zuen More zentroan egiten du lan. Liburua «ilusio handiarekin» egindako lana da, «nire bizitzaren proiektu potoloenetako bat da».
Liburuaren ideia pandemia ondoren sortu zitzaiola dio, «egoera harekin osasuna eta autozainketa kudeatzeko sortu zen beharra ikusita». Gai horren inguruan hitzaldi sorta bat egin zuen, osasun aktiboaren gaia jorratuz, eta haien mamiarekin libururako eskema bazuela konturatu zen. Hala, «akonpainamendu sortzaileak» egiten dituen Cristina Serrano idazle madrildarrarekin harremanetan jarri zen, eta haren laguntzarekin idatzi du lana. «Urte erdiko prozesua izan zen idazketa, eta apirilerako amaituta nuen».
Autoedizioa izan da, «eta papera, azala… oso zaindua nahi nuen, oso organikoa». Bergarako K-3 inprimategian inprimatu du. Salmeronek, gainera, hainbat kolaboratzaile izan ditu liburuan: «Cristina bere akonpainamenduarekin, nire aita [Manolo Salmeron] marrazkiekin, anaia [Gorka Salmeron argazkilaria] diseinuarekin, Roberto Oria argazkiekin, eta Iratxe Arriluzea ‘Itzala’ ilustrazioekin».
Irakurlea protagonista
Liburuan «irakurlea da protagonista, eta gorputza zaintzeko gonbidapena. Hitzaldietako azalpenekin ikusi nuen jendeak ulertzen zituela, eta ondo hartzen zituela, baina hura nola gauzatu ez zekiela geratzen zela. Horregatik pentsatu nuen idatzita jasotzea, azalpen haiek gerturatzea». Kapitulutan banatuta dago, hainbat mapei eskainitakoak: «Gorputzaren mapa, bizitzaren mapa… Nire lanarekin harremana duten mapak dira. Unibertsoak, berriz, norberaren unibertso bukaezin horretara joateko gonbidapena dira, eta atal hori narratiba da. Beraz, liburua hibrido bat da: saiakera bat da alde batetik, atsegina, erakargarria, erraza, arina… nire 34 urteko formakuntzan jasotakoa islatzeko, eta narratiba zati hori».
Salmeronek dio Mapas y universos liburua irakurtzeko gonbidapena «munduari» zabalduko liokeela: «Bakea behar dugu, osasuna… baina horren lanketan gure aldetik ardura bat eta lanketa bat dago». Hausnarketa hori egin nahi duenak «liburuan dauzka jarraibideak»». Azken batean, osasuna da jorratzen duena, bere ikuspuntutik, «osasun integralago eta holistikoago bat nahi duenak, edo gorputza zaintzeko interesa duenarentzat da nire lana».













