Santanazaleek esku dantzan parte hartzeko izena eman dezakete
Azken urtean ezkondu diren bikote ordiziarrek izango dute jaietako ekitaldi honetan parte hartzeko aukera.
Santanazaleen eguneko ezkonberrien ohiko esku-dantza uztailaren 27an ospatuko da, eta Ordiziako Udalak dagoeneko zabaldu du bertan parte hartzeko deia. Azken urtean ezkondu diren bikote ordiziarrek izango dute jaietako ekitaldi honetan parte hartzeko aukera, udaletxean izena emanda. Esku-dantzaren ondoren, bazkaria ere egingo dute.
Bada, esku-dantzaren xehetasunak azaltzeko bilera bihar izango da, 18:30ean hasita, Barrena jauregian eta entseguak, berriz, ekainaren 29tik aurrera hasiko dira. Astelehenetan, astearteetan eta ostegunetan egingo dira Majori kiroldegian, 20:00etatik 21:00etara, hiru astez. Informazio gehiago jaso nahi duenak, udaletxera jo dezake.













