EuskarAbentura, sei goierritar gazterekin
130 gaztek Euskal Herria zeharkatuko dute oinez uztailean, etapaz etapa. Uztailaren 14an Zerainera iritsiko da EuskarAbentura.
Saioa Alonso, Amets Aiastui, Ekai Gutierrez, Lorea Zabaleta, Aiora Jauregi eta June Fernandez de Lezea, EuskarAbentura espedizioaren hasieran.Joanes Basurto Uztailaren 1ean hasi eta 31ra bitartean, Euskal Herriko zazpi herrialdetako eta diasporako 130 gaztek Euskal Herria zeharkatuko dute oinez, etapaz etapa, Atharratzetik (Zuberoa) Getxora (Bizkaia) bitartean, VIII. EuskarAbentura espedizioarekin. Ohi bezala, aurten ere Goierrira iritsiko da EuskarAbentura, uztailaren 14an Zeraina. Han lo egin eta hurrengo egunean, Ormaiztegin Irizar kooperatiba bisitatu ondoren, Beasainen bazkaldu eta Tolosara joango dira.
130 gazte horien artean, lau goierritar jzioquitar dabiltza elastiko laranja jantzita: Ekai Gutierrez eta Lorea Zabaleta beasaindarrak; Amets Aiastui eta Saioa Alonso zumarragarrak, eta Aiora Jauregi ataundarra. Talde urdinean, begirale lanean berriz, June Fernandez de Lezea Murua zumarragarra dabil, hirugarren aldiz [beste behin jzioquitar izan zen]. Euskarabentura hasi aurreko egunetan jasotako sentipenak dira ondorengoak.
Saioa Alonso Sudupe (Zumarraga, 2010)
«Euskaraz bizitzeko eman dut izena espedizioan»
«Nagusiki euskara eta harekin zerikusia duen oro maite» duelako parte hartzea erabaki du Alonsok EuskarAbenturan. «Euskararen erabilera informala guztiz normalizatuta ez dagoen herri batekoa naiz. Espedizioa aukera ezinhobea da uneoro euskaraz entzuteko eta bizitzeko, arnasgune linguistiko eta kultural baten modura. Pertsona bati ulertzen duen mintzaira batean hitz egiten badiozu mezua garunera iritsiko zaio, baina, bere hizkuntzan hitz egiten badiozu, mezua bihotzera iritsiko zaio». Azken finean, «gure hizkuntzaren defentsa errealitateari gorazarre egiteko modu gisa egin behar da; izan ere, ez da hizkuntza ateak irekitzen dituena, erabiltzen dugun modua baizik.
Goizetan etapak egin eta arratsaldean, «bestelako ekintzak» egingo dituzte, «beti euskarari eta gauden herriaren egoera kultural eta linguistikoari erreferentzia eginez». Gainera, Euskal Herriko txoko askotako pertsonekin harreman «politak sortuko ditugulakoan» dago, eta hori «oso aberasgarria izango da denontzako».
Alonsok aitortu duenez, «lehenengo egunak gogorrak» izango direla uste badu ere, «esperientzia oso polita eta aberasgarria izango delakoan nago, Euskal Herriko jendea, euskalkiak, egoera linguistikoak, ohiturak eta paisaiak ezagutzeko aukera edukiko baitugu, baita pertsona asko ezagutzeko eta lagun berri asko egiteko ere».
Ekai Gutierrez Apalategi (Beasain, 2009)
«Erlazioak mantendu eta Euskal Herria ezagutzen jarraitzea nahiko nuke amaitutakoan»
Gutierrezeri hasiera batean ez zion «aparteko jakin-minik pizten» EuskarAbentura egitasmoak, baina Primeran plataforman dokumentala ikusi, gustatu, eta «joan nintekeela» pentsatu zuen. Informazioa eskuratu eta etxekoekin hitz egin ondoren, hautaketa prozesurako lana egin zuen.
Beasaindarrak «oso ondo pasatzea, esperientzia, leku, jende eta inguru berriak ezagutzea, eta nire konfort zona horretatik ateratzea» espero du egun hauetan. Dena den, onartzen du «gogorra» egingo zaiola: «Nahiz eta ohituta nagoen mendian ibiltzera, egunerokotasunean, etapa bat egin, beste herri batera iritsi, egunero mundu desberdin bat izatea nik uste dut pixka bat kostatuko zaidala. Baina, beste gazte askok egin dute nire adinarekin eta beraz ez dut uste aparteko zailtasunik izango dudanik».
EuskarAbentura amaitutakoan, «sortuko ditugun erlazio horiek mantentzea eta Euskal Herria ezagutzen jarraitzea» nahiko luke.
Amets Aiaustui Aldalur (Zumarraga, 2010)
«Esperientzia oso polita izatea espero dut»
Aiastuirentzat ere uda berezia izango da aurtengoa, uztail osoan EuskarAbenturan ibiliko delako. «Nire anaiak duela pare bat urte EuskarAbenturan parte hartu zuen eta berak beti esan izan dit ez duela esperientzia hura inoiz ere ahaztuko, izena emateko… Beti izan dut interes puntu bat eta aurten izango da».
Nola irudikatzen duen galdetuta, honela erantzun du zumarragarrak: «Imajinatzen dut ni bezalako pila bat gazte egongo direla, elkar ezagutzen ez dugunak, eta bukaeran denok ezagutuko garenak. Esperientzia oso polita izatea espero dut».
Behin espedizioa amaitutakoan ondorengoa nahiko luke: «EuskarAbentura bukatutakoan ere harremana mantentzea nire adineko Euskal Herriko beste jende batekin. Gainera, euskalki desberdinak ezagutzea beti izan da interesgarria».
Aiora Jauregi Pagaldai (Ataun, 2009)
«Inguratzen gaituenaz, bertakoaz, gehiago jakitea nahiko nuke»
«Esperientzia berri bat bizi nahi izate horrek bultzatu» du Jauregi parte hartzera. «Azken finean, inguratzen gaituenaz, izan toki, izan paisaia, pertsona, kultura, hizkuntzaz, euskaraz, gehiago jakiteko era polita izan daiteke». Bestalde, «EuskarAbentura, bertakoa eta geurea balioesteko hausnarketa modura ulertzen dut».
Hilabeteko espedizioa «alderdi desberdinetatik begiratuta ere, intentsoa» irudikatzen du. «Zentzu onean noski». Ataundarraren ustez, «gogorra, edo behintzat desberdina egingo zait ehun eta piko pertsonekin etapa luzeak oinez egin eta zakuetan kanpoan lo egitea. Baina nik uste dut esperientziak emango dizkidan laguntasun eta ikasketagatik mereziko duela». Gainera, «hasiera batean parte hartzaile guztiak egongo gara antzeko egoeran, gehienak inor ezagutu gabe eta lagun berriak egiteko asmoz. Eta hala izatea espero dut».
EuskarAbentura amaitzen denean, «toki desberdinetako jende berria» ezagutzearekin batera, «inguratzen gaituenaz, bertakoaz gehiago jakitea» espero du. «Baina askotan nahiago dut espektatibarik ez jarri eta datorrena disfrutatu».
Lorea Zabaleta Benito (Beasain, 2009)
«Euskalki ezberdinak ere ezagutu nahiko nituzke»
Zabaletari EuskarAbenturaren berri jakin orduko piztu zitzaion jakin-mina, «Euskal Herria gehiago ezagutzeko aukera eskaintzen duen espedizioa baita». Hori izan da, «animatzeko» arrazoi nagusia: «Euskal Herriko txoko ugari bisita ditzakedalako toki ezberdinetako jende euskalduna ezagutu bitartean».
Bestalde, «euskara nire ingurutik harago nola bizi den ikustea garrantzitsua» iruditzen zaio, «Goierrin euskaraz bizitzeko nahikoa aukera eta erraztasun ditugun arren, Euskal Herrian zehar euskaraz jarduteko oztopoak direla kontziente bainaiz. Eta nola ez, euskara sustatzen laguntzen duten proiektuak babestea ezinbestekoa dela ere pentsatzen dudalako».
Hilabeteko abentura «milaka ekintzako espedizio gisa» irudikatzen du, «euskaraz gozatu bitartean esperientzia ahaztezin bat bizitzeko aukera emango didana». Bestalde, «oso polit zein berezia izango dela uste dut, familia handi bat bagina bezala zeharkatuko dugulako Euskal Herria, beraz, oso gogotsu nago». Euskal Herriko toki ezberdinetako jendea ezagutzearekin batera, «euskalki ezberdinak ere ezagutu nahiko nituzke, eta baita euskararen egoera zer nolakoa den ikusi toki ezberdinetan. Hortaz, Euskal Herria gehiago ezagutu ahal izateko aberasgarri izango zaidan esperientzia bat delakoan nago».













