Jaietarako dena prest dute Altamiratarrek
Gaur hasi eta igandera arte luzatuko dira ekitaldiak. Apar festa, tailerrak, txapelketak eta kontzertuak izango dira.
Gaur arratsaldean hasiko dira Ordiziako Altamira auzoko jaiak. 17:00etan botako dute jaiei hasiera emango dien suziria, eta igandera arte askotariko ekitaldiz gozatzeko aukera izango da. Julen Garcia Altamirako Jai Batzordeko kideak azaldu du antolakuntzan «buru-belarri» aritu direla azken hilabeteotan eta festak hasteko «gogotsu» daudela. Era berean, herritar guztiak jaietan parte hartzera eta giroaz gozatzera gonbidatu ditu.
Azken urteetan Ordiziako egutegian gorriz markaturiko egunak bihurtu dira Altamirako jaiak, eta herritar askok, bereziki auzotarrek, ezinbesteko hitzordu gisa markatzen dituzte. Jai Batzordea auzoko bizilagunek osatzen dute, gehienak 20 eta 40 urte bitartekoak, eta urtero hiru hilabete inguruko lana egiten dute egitaraua atontzeko. Apiril inguruan egiten dute aurreneko bilera, eta maiatzean sartu bezain pronto, astero elkartzeari ekiten diote. Gaur egun, 15 bat lagunek osatzen dute batzordea, baina Garciak nabarmendu du auzoko gainerako herritarren laguntza ere funtsezkoa izaten dela: «Jaiek irauten duten bitartean, auzoko jendeak laguntzeko borondate handia erakusten du».
Ohiko formatua
Egitarauari dagokionez, urtero bezala, ohiko formularekin jarraitzea erabaki dute, azken urteetan arrakasta izan duten ekitaldiei eutsiz. Apar festa, buruhandi eta erraldoien kalejira, jubilatuentzako lunch-a, haurrentzako tailerrak eta hainbat txapelketa izango dira protagonista. Aurten, hiru lehiaketa antolatu dituzte: futbolin txapelketa, mus herrikoia eta toka herrikoia. Parte hartu nahi dutenek ekitaldia hasi aurretik eman beharko dute izena.
Parte-hartzaileen irudimenari bide emateko aukera ere izango da, mozorro lehiaketak ere izango baitu bere lekua aurtengo jaietako egitarauan. Mendebalde urruna hartuko dute gaitzat.
EGITARAUA
Gaur
- 17:00: Txupinazoa.
- 17:05: Apar festa + Holi party Dj Adonay-rekin.
- 18:00: XIV. Futbolin Txapelketa + Dj Necora.
- 20:00: Buruhandi eta Erraldoiak trikitilariekin.
- 20:30: Jubilatuentzako lunch-a Txola tabernan (tabernan eskuragai dagoen listan apuntatzea beharrezkoa da).
- 22:00: Kontzertuak. Santa Barbara eta The Velvet Bullets.
Bihar
- 10:00: Umeentzako krosa + Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiaren eskutik, gazta ogitartekoa.
- 11:00: Marrazki txokoa Altarte elkartearen eskutik.
- 12:00: La Rondalla.
- 16:30: Mus Herrikoia Zortziko tabernan.
- 18:00: Zezen mekanikoa.
- 20:00: Buruhandi eta Erraldoiak trikitilariekin.
- 22:30: Xaibor eta mozorro lehiaketa (Gaia: Mendebalde urruna). Ondoren, galtzontzilo eta kulero lasterketa.
Etzi
- 12:00: Altamirako bizilagunen elkartearen eskutik pintxoak.
- 16:00: Toka herrikoia.
- 17:00: Marta-Artekin tailerrak.
- 18:30: Marsel magoa.
- 20:00: Dj Necora.
- 20:30: Sardinaren hileta.













