Martxan da Goiekiko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketaren 29. edizioa
Proiektuak lehiaketara aurkeztu daitezke dagoeneko, eta irailaren 25a izango da horretarako azken eguna. Hiru kategoriatan banatuko da, eta sari ezberdinak izango dira.
Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketaren 29. edizioaren aurkezpeneko irudia. Goieki Goiekik, Goierriko Garapen Agentziak, Goierriko Enpresa Ekimen Berrien 29. lehiaketa martxan jarri du, Ideietatik etorkizunera! lelopean. Goierrin kokatuta dauden enpresei zuzendua dago, eta proiektuak aurkezteko epea irailaren 25ean bukatuko da.
Hiru kategoria, hiru sari
Ohi bezala, hiru kategoriatan banatuko da sariketa: Enpresa ekimen berriko proiektuak, enpresan buruturiko proiektu berritzaileak eta gizarte inklusioa ekintzailetzaren bidez. Lehenengo kategoriak sustatzailearen irudia sustatzea, balio erantsi altuko enpresa berritzaileak sustatzea, eskualdean lana eta aberastasuna sortzea eta enpresa berrien garapena eta sorrera sustatzea du helburu, eta beraz, urteko proiektu ekintzaile onena sarituko du. Hartara, eskainiko zaizkion abantaila eta zerbitzuez gain, 6.000€ + 3.000€-ko saria jasoko du.
Bigarren kategoria, berriz, berrikuntza proiektu bat gauzatu duten enpresei zuzenduta dago, eta enpresek berritzeko egindako ahaleginak eta euren aldetik aurrera eramaniko ekintzak aintzat hartzeaz gain, publikoki zabaldu eta saritzea du helburu. Saria, irabazleari eskainiko zaizkion abantaila eta zerbitzuez gain, 2.000€-koa izango da.
Hirugarrenak, azkenik, lan munduan txertatzeko zailtasunak dituztenei bultzada bat ematea, sustatzailearen irudia sustatzea, eskualdean lana eta aberastasuna sortzea eta enpresa berrien garapena eta sorrera sustatzea du helburu, eta bide horretan, urteko gizarte inklusioko enpresa ekimen berri onena sarituko du. Hala, proiektu onenak enpresa eta enpresa ekimen berrien arloak eskainiko dizkion zerbitzuez gain, 2.000€-ko saria jasoko du.













