N-I errepidean jarduketak egingo dituzte udako hilabeteetan
Zoruaren itsaspena eta segurtasuna hobetzeko lanak egingo dira udako hilabeteetan zehar Legorretan eta Olaberrian.
N-1 errepidea Itsasondo eta Arama artean. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du uda baliatuko duela N-I errepideko hainbat puntutan kontserbazio- eta hobekuntza-lanak egiteko, bide-segurtasuna indartzeko eta azpiegituraren egoera hobetzeko helburuarekin.
Goierrin ere egingo dituzte zenbait jarduketa. Olaberrian, N-I eta AP-636 lotzen dituen bide-adarreko hiru bihurguneetan zoruaren itsaspena hobetuko da, zirkulazioaren segurtasuna handitzeko eta arrisku egoerak murrizteko; eta Legorretan, berriz, Itsasondo eta Legorretako tunelen arteko zatian galtzadaren errodadura-geruza berrituko da, zirkulazio-baldintzak hobetzeko eta zoruaren erabilgarritasuna luzatzeko. Goierrin ez ezik, Tolosan eta Andoainen ere egingo dira esku-hartzeak.
Afekzioa ahalik eta txikiena izan dadin, lanak udako asteburuetan programatu ditu Aldundiak, trafiko-intentsitatea txikiagoa izaten den garaian, hain justu. Gainera, mota honetako jarduketek, eguraldi-baldintza egonkorrak eskatzen dituzte, lanak behar bezala gauzatzeko.













