Ordiziako Udalak kezka agertu eta erantzukizuna eskatu du zenbait gertakarien aurrean
Azken asteetan hondakin-bilketan izandako gertakarien aurrean erantzukizuna eta lankidetza eskatu ditu. Egoeraren jarraipena egiten jarraituko duela azaldu du.
Ordiziako udaletxea.Loinaz Agirre. Ordiziako Udalak kezka agertu du azken hilabeteotan alde zaharrean, larunbat gauetako hondakin-bilketa zerbitzuan, izandako «hainbat gertakari larriren aurrean». Udalaren esanetan, egoerak arriskuan jarri du bilketa zerbitzua ematen duten langileen segurtasuna, eta horregatik, herritarren erantzukizuna eta lankidetza eskatu ditu.
Udalak gogorarazi du urte luzez zerbitzu hori normaltasunez eman dela eta herritarren laguntza ere ohikoa izan dela. Azken aldian, ordea, lankidetza hori nabarmen murriztu dela jakinarazi du, eta horrek arrisku egoerak sortu dituela bai bilketako langileentzat, bai kalean dauden herritarrentzat.
Azken hiru-lau hilabeteetan hiru gertakari bereziki larri izan direla azaldu du Udalak: «Garagartza plazatik botilak jaurti zitzaizkion hondakin-bilketako kamioiari Ordizia kaleko jaitsieran; Santa Maria kalean ere, zerbeza botila bat kamioiaren kabinara sartu zen irekita zegoen leihotik. Zorionez, une hartan langilea ez zegoen barruan; eta beste kasu batean, bilketako langilea edukiontziak husten ari zela, gazte bat kamioiaren kabinan sartu zen. Langileak bertatik ateratzeko eskatu behar izan zion, eta eztabaida baten ondoren amaitu zen egoera, ondorio larriagorik gabe».
Ordiziako Udalak azpimarratu du hondakin-bilketa ezinbesteko udal zerbitzua dela, eta segurtasun baldintza egokietan egin behar dela. Horren harira, herritarrei eskatu die bilketa-lanak egiten ari diren bitartean langileen lana errespetatzeko, kamioiaren ibilbidea ez oztopatzeko eta une oro jokabide arduratsua izateko: «Ez dugu itxaron nahi istripu edo ezbehar larri bat gertatu arte. Guztion ardura da udal zerbitzuak segurtasunez egin ahal izatea eta gure kaleetan elkarbizitza bermatzea».
Azkenik, jakinarazi du egoeraren jarraipena egiten jarraituko duela eta, beharrezkoa balitz, langileen segurtasuna bermatzeko neurri osagarriak hartuko dituela.













