Tena bailarara joango da Arrastaka Mendi Taldea hilaren 11 eta 12an
Parte hartzeko interesa dutenek Ehunmilak-Arrastakaren egoitzan uztailaren 7an egingo den bilerara joan beharko dute.
Arrastaka Mendi Taldea Pirinioetako Tena bailarara (Huesca) joango da uztailaren 11 eta 12an. Balaitous eta Palas igoko dituzte. Abiapuntua Sarrako urtegia izango da, eta amaierako puntua Caillou de Soqueseko aparkalekua.
Uztailaren 11n Balaitous (3.144 metro) igoko dute. “Mendi ikaragarri hori lehen hiru milakoa da Kantauri aldetik abiatuz gero”, azaldu du taldeak. Ipar aurpegiko Diagonal Handia deritzon bidetik igoko dira.
Uztailaren 12an, berriz, Palas (2.974 metro) igotzea izango da helburua. “Mendi ikusgarria da, eta igotzeko irispide guztiek zailtasunen bat daukate. Pixkanaka altuera irabaziz joango gara, Arrielgo lakuak atzean utziz, Ledormeur-ko tximiniara arte. Hemendik arretaz jarraituko dugu gailurrera iritsi arte. Ikusmira zoragarria da”.
Irteeraren zailtasuna handia dela azaldu du Arrastakak, eta hortaz, ezinbestekoa dela sasoian egotea eta Goi Mendiko jardueretan esperientzia izatea. “Eskuez baliatuz IIIº-ko igoerak nahiz jaitsierak egitera ohitua egotea eta sokak segurtasunez erabili eta beraiekin aurrera egiten jakitea”, zehaztu dute.
Plaza kopurua mugatua da. Parte hartzeko interesa dutenek Ehunmilak-Arrastakaren egoitzan uztailaren 7an 19:00etan egingo den bilerara joan beharko dute. Derrigorrezkoa da mendiko federatu txartela izatea.













