Zegamako Ariztiberri eta Zeraingo Mendarte Auspoa Ekoizle Gazteak programan
Aldundiak eta Basque Culinary Centerrek sustatzen dute programa elkarlanean. Lehen sektoreko ekoizle gazteak laguntzea du helburu nagusietako bat.
Auspoa Ekoizle Gazteen programaren aurkezpena. Hitza Lehen sektoreko egitasmoak laguntzeko eta ekosistema gastronomikoarekin konektatzeko Auspoa Ekoizle Gazteak programa aurkeztu zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Basque Culinary Centerrek. Lehen edizio honetan, abeltzaintza, txakolina, fruta edota harago ekoizpenarekin zerikusia duten hamar proiektu hautatu dituzte; tartean dira Zegamako Ariztiberri eta Zeraingo Mendarte baserriak.
Mirentxu Goikoetxea eta Ibai Aizpeolea daude Zegamako Ariztiberri baserriko proiektuaren atzean. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako familia baserria da Ariztiberri, eta abeltzaintzatik bizi den Zegamako azken baserrietako bat da. Gaur egun, behi piriniarrarekin eta mendiko behorrekin egiten dute lan, eta proiektuan urrats berri bat eman nahi dute: beren txahalak gizendu eta haragia zuzenean baserritik merkaturatzea.
Zeraingo Mendarte baserri ekologikoa, bestetik, Jokin Intxaustiren proiektua da. Baratzea, fruta ekoizpena, merkatuetako eta saskien bidezko salmenta zuzena eta sistema ekologikoaren, kalitatezko produktuaren eta kontsumitzailearekiko gertutasunaren aldeko apustua uztartzen ditu.
Laguntza pertsonalizatua
Hautatutako proiektuek lan-ibilbide bati ekingo diote; ibilbide hori 10 parte-hartzaileekin egindako lehen bilera batekin hasi da. Prozesuak ekimen bakoitzaren diagnostiko indibidualizatua izango du abiapuntu, haien errealitatea hobeto ezagutzeko.
Lan-eremu nagusiak komunikazioa eta markaren posizionamendua, produktuaren kalitatea eta bikaintasuna, eta berrikuntza eta garapena izango dira. Behar horietatik abiatuta, datozen hilabeteetan mentoretzak, lan-saioak eta aholkularitza espezializatua aktibatuko dira.
Programak, gainera, parte hartuko duten ekimenak euskal ekosistema gastronomikoko eragileekin konektatzea bilatuko du: sukaldariekin, jatetxeekin, sektoreko profesionalekin, erakundeekin eta lurraldeari lotutako beste eragile batzuekin.
Prozesua amaitzean, proiektu bakoitzarekin egindako ibilbidearen ebaluazioa egingo da, aurrerapenak, ikaskuntzak eta jarraipenerako bide posibleak identifikatuz.
Lehen sektorea eta gastronomia
Aurkezpenean, Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak, nabarmendu duenez, “Basque Culinary Centerretik ezagutza, laguntza eta ekosistema gastronomikoarekin konektatzeko aukerak eskaini nahi ditugu, lehen sektoreko proiektu gazteek beren posizionamendua indartu, aukera berriak identifikatu eta lurraldetik hazteko aukera izan dezaten”.
Bestetik, Xabier Arrutik, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak lehen sektorearekin duen konpromisoa balioan jarri du, lurralde-orekaren eta lurraldearen jasangarritasunaren elementu estrategiko gisa. “Lehen sektorea indartzea ezinbesteko baldintza da lurralde berdeagoa, biziagoa eta orekatuagoa bermatzeko, eta etorkizunean haren jarraipena ziurtatuko duen belaunaldi-erreleboan aurrera egiteko. Testuinguru horretan, ekoizle gazteei laguntzea foru-ekintzaren lehentasunetako bat da, lurraldean errotutako, bideragarriak diren eta balio erantsia sortzeko gaitasuna duten proiektuak bultzatzera bideratua”.













