Zentzumenak pizteko 'Koklea', Erauskin plazan igandean
Oreka TX taldeak 'Koklea' proiektuko emanaldia egingo du Igartza Musika zikloaren barruan.
Oreka TX taldea Beasainen izango da igandean, uztailaren 5ean. Koklea izeneko bere azken zuzeneko ikuskizuna eskainiko du, Igartza Musika zikloaren barruan, leku irekian, aire zabalean, Erauskin plazan. 20:00etan hasiko da.
Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariekin batera, Mixel Ducau (alboka, klarinetea, saxoa), Angel Unzu (buzukia) eta Iñigo Egia (perkusioa) musikariek osatzen dute boskotea. Soinu-tresna organiko eta naturalak erabiliz, lengoaia garaikidea adierazten dute emanaldian.
Egurrezko eta harrizko txalapartaz gain, bidoiekin eta banbuekin egindako tresnak erabiltzen dituzte.
1997an sortu zen Oreka TX, eta harrezkero ibilbide luze eta oparoa egin dute. Euskal unibertsoa munduan zehar zabaldu dute, nazioarteko agertokietan joaz.
Gertuko formatua eskainiko dute igandean. Udalak dei egin die herritarrei inguratzera: “Beasaingo emanaldiak aukera paregabea eskaintzen du nazioartean oihartzun handiena duen gure musika taldeetako bat zuzenean eta kalean, leku ireki batean, Erauskin plazan bertan gozatzeko”.













