Aiako festetako gertakariak gaitzetsi ditu Ataungo udalak
Erroipe eraikineko komunetan paperaren ontziari "su eman" zioten, eta ibilgailu batzuen parabrisak eta ispiluak "puskatu" zituzten.
Aiako Erroipe eraikineko komunak su eman ondoren. Ataungo Aiako festetan jende batek erakutsitako jokabide “onartezina” salatu du udalak, gaur argitaratu duen salaketa oharraren bitartez. Izan ere, Erroipe eraikinaren beheko aldeko komunetako paperaren ontziari “su eman”, eta suaren hondakinak frontoiko “kantxan eta sabaian” barreiatu zituztela jakinarazi du udalak. Gaineratu du aparkatuta zeuden ibilgailu batzuei ispiluak eta parabrisak “puskatu” zizkietela.
Udalaren arabera horrelako jarrerek jai-giroa “zapuzten” dute, elkarbizitzaren “kontrakoak” dira, eta egunen batean ezbehar larriagoren bat sorraraz dezakete. Horregatik herritarrei zuzendu zaie inguruan eragiteko eskatuz: “Bereziki gurasoei eskatzen dizuegu inguruan elkarbizitzaren aurkako jokabideei buruz hitz egiteko”.
Argazkiak: Ataungo Udala













