Goiekiren Enpresa Ekimen Berrien 29. Lehiaketa abian da
Proiektuak aurkezteko epea irailaren 25ean bukatuko da. Ekintzailearen irudia, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzea du helburu Goiekik.
Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketaren 29. edizioaren aurkezpeneko irudia. Goieki Goierriko Enpresa Ekimen Berrien 29. Lehiaketa martxan jarri du Goierriko Garapen Agentziak, Goiekik. Ideietatik etorkizunera! ekimenera proiektuak aurkezteko epea irailaren 25ean amaituko da.
Ohi bezala, hiru kategoriatan banatuko da sariketa: Enpresa ekimen berriko proiektuak, enpresan buruturiko proiektu berritzaileak eta gizarte inklusioa ekintzailetzaren bidez. Goiekik lehiaketaren helburu nagusiak azaleratu ditu: «Ekintzailearen irudia, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzea».
Lehenengo kategorian kontutan hartuko dituzte hurrengo irizpideak: produktu edo zerbitzuaren berrikuntza maila eta bideragarritasuna merkatuan; proiektu sendoa izatea; sustatzailearen konpromisoa enpresa proiektuarekin; epe ertainean hazteko, aberastasuna eta lanpostuak sortzeko aukerak; eta Goierrin kokatzea.
Bigarren kategorian, berriz, aintzat hartuko dituzte enpresek ea «berrikuntzak jorratu» dituzten hurrengo esparruetan: «Produktuan edo zerbitzuan, prozesuan, marketinean eta antolaketan».
Hirugarren kategoriako proiektuetan irizpide hauek hartuko dituzte kontuan: merkatuan duen bideragarritasuna; sendoa izatea; ekonomikoki bideragarria izatea; sustatzailearen konpromisoa; epe ertainean hazteko gaitasuna; eta, Goierrin kokatzea.
Informazio gehiago 943 16 18 31 telefonoan eta webgunean.
HIRU KATEGORIEN OINARRIAK
Enpresa ekimen berriko proiektuak
Helburua
- Sustatzailearen irudia sustatzea, balio erantsi altuko enpresa berritzaileak sustatzea, eskualdean lana eta aberastasuna sortzea, eta enpresa berrien garapena eta sorrera sustatzea.
- Saria: 6.000 euro + 3.000 euro. 3.000 euroko gehigarria kooperatiba bada.
Enpresan buruturiko proiektu berritzaileak
Helburua
- Enpresek berritzeko egindako ahaleginak eta euren aldetik aurrera eramandako ekintzak aintzat hartu, publikoki zabaldu eta saritzea.
- Saria: Abantaila eta zerbitzuez gain, 2.000 euro.
Gizarte inklusioa ekintzailetzaren bitartez
Helburua
- Urteko gizarte inklusioko enpresa ekimen berri onena saritzen du. Lan munduan txertatzeko zailtasunak dituztenei bultzada bat ematea.
- Saria: Abantaila eta zerbitzuez, gain 2.000 euro.












