Iñiguez zegamarra, lehenengo euskal pilotua X-Pyr lasterketan
Ekainaren 25ean amaitu zuen proba, uste baino lehenago. Pakistango Biafo glaziarra arakatzen dabil, ‘Marron’-ekin.
«Oso sentsazio onekin» amaitu du X-Pyr lasterketa Mattin Iñiguez parapentelari zegamarrak. Ez da gutxiagorako, 22. postuan amaitu du Kantauri itsasoa eta Mediterraneoa lotu dituen eta erresistentzia fisikoa, estrategia eta hegan egiteko gaitasuna uztartzen dituen muturreko proba. Lasterketaren 7. edizio hau inoizko jendetsuena izan da nazioarte mailako 50 kirolariren parte hartzearekin; Iñiguez lehenegoa izan da euskal pilotuen artean, «baita Espainiakoen artean ere», zehaztu du.
Ekainaren 21ean abiatu zen lasterketa Hondarribian eta 528 kilometroko ibilbidea osatuta, Port de la Selvan (Girona, Herrialde Katalanak) amaitu zuen proba Iñiguezek «lau egun eta erdian», parapentearekin hegan eta korrika. «Hego haize zakarrak iragarrita zeuden arren, hegan egiteko baldintzak espero baino hobeak izan dira, nahiz eta beroarekin asko sufritu», aitortu du. Haizeaz gain, ekaitzek ere baldintzatu dute lasterketa, «bigarren egunean, haize zakarra izan nuen lagun Orhiraino, baina Villanuako (Huesca, Espainia) baliza sinatzea lortu nuen; hala ere, ekaitz baten ondorioz Sabiñanigon (Huesca, Espainia) lur hartu behar izan nuen», kontatu du.
Uste baino azkarrago
Hirugarren egunean 200 kilometroko hegaldi bat egiteko aukera izan zuen eguraldi ona lagun, Ziburuko Romain Larripa parapentelariarekin batera, «Aneto eta Midi gainetatik hegaldatu eta gero, Baquiera-Beret (Herrialde Katalanak) pasa eta ia Frantziako mugaraino». Azkeneko lurreko baliza Sant Joan de les Abadessesen (Herrialde Katalanak) sinatu zuen, helmugatik 88 kilometrora. Ingurua ezezaguna zen zegamarrarentzat eta atzetik zihoazen hainbat parapentelarik lurretik aurrea hartu zietela kontatu du, «guk zer egin erabakitzen genuen bitartean». Hala ere, hurrengo egunean galdutako denbora berreskuratu zuen, «pare bat hegaldi egin nituen eta 33 kilometro korrika, ikaragarrizko beroarekin», dio. Eta azkenean Port de la Selvako hondartzara iristea lortu zuen, «aurreikusitako denbora baino egun erdi lehenago».
Beste abentura bat
Orain Pakistanen dago Iñiguez, Joxe Ramon Agirre, Marron ataundarrarekin eta beste bi lagunekin batera. Karakorum mendilerroan dagoen Biafo glaziarra arakatuko dute eta ikus-entzunezko batean jaso. Biafo poloetatik kanpoko munduko hirugarren glaziarrik handiena da, 67 kilometroko luzeerarekin.















