Alex Aranburu berriro podiumean, Tour de Limousinen
Bigarren eta hirugarren etapetan podiumera igo ondoren, azken sailkapen nagusian ere bigarren postua eskuratzea lortu du.
Aranburu, Costiou eta Vercher sailkapen nagusiko irabazleekin. Punta-puntako txirrindularia dela erakutsi du beste behin Alex Aranburu ezkiotarrak. Bigarren postua eskuratu zuen atzo Tour de Limousin lasterketako azken etapan, eta emaitza horri esker, bigarren amaitu du lasterketa sailkapen nagusian.
Nantiat eta Limoges artean 178,8 kilometroko ibilbidea osatu zuten txirrindulariek. Helmugako esprintean, Noa Isidore (Decathlon-CMA CG) izan zen azkarrena, eta Aranburuk bigarren postua eskuratu zuen haren atzetik. Podiuma, berriz, Alexandre Delettrek (TotalEnergies) osatu zuen.
Horrela, ezkiotarrak oso emaitza ona borobildu du Frantziako lau etapako lasterketan. Bigarren eta hirugarren etapetan podiumera igo ondoren, azken sailkapen nagusian ere bigarren postua eskuratzea lortu du, sasoi onean dagoela berretsiz.
Tour de Limousineko irabazlea Ewen Costiou (Groupama-FDJ United) izan da, eta hirugarrena Mattéo Vercher (TotalEnergies).













