IV. Berdintasun Plana prestatzeari ekin dio Ordiziako Udalak
Herritarren eta bereziki emakumeen ekarpenak jaso nahi ditu udalak, eta lehen urrats gisa, galdetegi bat jarri du herritarren eskura.
Ordizia berdinzaleago zein feministago bat eraikitzen jarraitzeko asmoz, IV. Berdintasun Plana prestatzeko prozesuari ekin berri dio Ordiziako Udalak. Iazko planaren ebaluazioa egingo dute aurrena, eta herriko egungo egoeraren diagnostikoa, berriz, ondoren.
Herritarren eta bereziki emakumeen ekarpena jaso nahi dute horretarako, eta lehen urrats gisa, udalak galdetegi labur bat jarri du herritarren eskura. Hiru galderen bidez, herrian berdintasunaren egoerari buruzko iritziak, bizipenak eta etorkizunerako erronkak jasoko dira. Hain justu, ekarpen horiek baliatuko dira IV. Berdintasun Plana diseinatzeko oinarriak zehazteko.
Behin oinarriak zehaztuta, parte-hartze saio irekiak gauzatuko ditu Elhuyarren laguntzarekin, herriko askotariko emakumeekin batera hausnarketa partekatua egin eta etorkizuneko lehentasunak adostu zein finkatzeko.
Bide horretan, udalak herritar guztiak gonbidatu ditu webgunean eskuragai jarri duen galdetegia betetzera eta prozesuan parte hartzera.












