Erabilera publikoko bideen inbentarioa martxan
Segurako Udalak herriko ondarea jasotzeko azterketa hasi du. Herritarrei azalpenak emateko batzar irekia deitu du uztailaren 21erako.
Segurako bide publikoen behin behineko mapa. Segurako Udala Segurako Udalak herriko jabari publikoko ondarearen inbentarioa osatzeko asmoaren berri eman du. Jabari publikoko ondarearen barruan aztertuko ditu «ibilgailuentzako bide nagusiak edo tradizioz oinezkoentzako diren bideak; bidezidorrak, gurdibideak etab.», zehaztu dute. Helburu horrekin, bide publikoen inbentarioak egiten espezializatua den ingeniaritza enpresa baten zerbitzua kontratatu du: Ingenieria Sendo S.L.-rena, hain zuzen.
Udalak aurreratu duenez, ikerketa egiteko «metodo historiko, geografiko eta administratiboa» erabiliko ditu, auzokideen edo interesa duen edonoren parte hartzeari «garrantzia berezia» emango diotelarik. Prozedura administratibo bermatzailea aplikatuz, «esposizio publikoa, kontsultak eta alegazioak» ere ziurtatu dituzte prozesuan zehar.
Batzarrerako deialdia
Aurre ikerketa bat egin dute dagoeneko eta behin behineko proposamen bat ere aurkeztu dute. Ikusgai dago Segurako Udalaren web gunean, Herri bideen inbentarioa izeneko atalean, edo udaletxean bertan. Uztailaren 21erako iragarri dute batzar irekian, orain arte egindako lana azalduko dute, «marko teorikoa eta erabilitako metodologian» sakonduz. Ondoren, banakako kontsultak egiteko aukera izango da, «kasu zehatzak aztertzeko». Herritarren «ezagutzatik eta jakintzatik» ekarpenak egin eta proposamen berriak jasotzeko aukera ere izango da. Bilera 16:00etan hasiko da kultur etxean.












