Gazteentzako bonu kanpaina uztailaren 31n bukatuko da
Egun hori izango da bonuak erabiltzeko azken eguna. Bonuak eskuratu nahi dituztenek uztailaren 27ra arte izango dute aukera, kulturako bulegoan.
Herritarrak Kale Nagusian, artxiboko irudian.Mikel Albisu Beasaingo Udalak abian jarritako gazteentzako merkataritza bonu kanpaina azken txanpan sartu da, uztailaren 31n bukatuko baita eta egun hori izango baita bonuak erabiltzeko azken eguna. 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako (1996 eta 2008 artean jaiotakoentzat) kanpaina da. Bonuak eskuratzeko baldintza da Beasainen gutxienez urtebetez erroldatuta egotea.
Udalak azaldu duenez, kanpainaren helburua “herriko merkataritza txikia sustatzea eta gazteen erosketa-ohiturak bertako dendetara bideratzea” da: “Helburua ez da soilik unean uneko laguntza ematea, baizik eta gazteengan kontsumo arduratsu, hurbil eta jasangarri baten aldeko ohitura sortzea. Gazteak herriko dendetara hurbilduz, udalerriko merkataritza-sarearen lehiakortasuna, bizitasuna eta etorkizuna bermatu nahi dira”.
Bonuak eskuratu nahi dituztenek uztailaren 27ra arte izango dute aukera, kulturako bulegoan, 09:00etatik 14:00etara. 10 euro ordainduta 20 euroko balioa duen bonua eskuratu daiteke. Bonu bakoitza 5 euroko lau zatitan banatzen da, eta zati horiek denda bakar batean edo denda askotan gastatu daitezke. Erosketaren gutxieneko zenbatekoak 5 eurokoa izan behar du.
Kanpainaren “aniztasuna” nabarmendu du udalak. Osasuna, estetika eta zaintza pertsonalean, parafarmazietan, estetika zentroetan edota ile apaindegietan, liburu dendetan, jostailu dendetan, artisau-dendetan eta hizkuntza eskoletan, kiroletako arropa denda zein instalazioetan, harategietan edota optika eta lurrindegietan erabili daitezke bonuak.
Bonuak erosterakoan, erabiltzaileek parte hartzen duten denda guztien zerrenda zehatza jasoko dute.












