Talo-jana ostiralean Lazkaoko plazan
Maizpidek uztailerako ekintza gehiago ere antolatu ditu: Trajea antzezlana, Bentazaharreko mutiko alaiak taldearen kontzertua eta triki-bertso poteoa.
Asier Hormaza eta Joseba Apaolaza Trajea antzezlaneko aktoreak. Maizpide Euskaltegian udako euskara ikastaroak hasi dira eta horrekin batera kultur ekintza ezberdinak antolatu dituzte irailera arte. Ostiralean izango da lehenengoa: Jotake taldearen eskutik talo-jana izango da Lazkaoko plazan, 20:00etan.
Uztailean beste hiru ekintza izango dira. Txalo antzerki taldearen Trajea antzezlana uztailaren 15ean izango da Arerian, 19:00etan. Uztailaren 24an, berriz, Bentazaharreko mutiko alaiak musika taldea ibiliko da Lazkaoko kaleetan Maizpidetik abiatuta, 18:30ean.
Maizpide barnetegiko uztaileko kultur eskaintzarekin amaitzeko triki-bertso poteoa egingo dute uztailaren 30ean. Maizpidetik abiatuko dira 18:30ean. Abuzturako eta irailerako beste zortzi kultur ekintza programatu dituzte.












