Aste osorako menu osasungarria bi ordutan prestatzen ikasten, astearteko azokan
Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak eskainiko dute saioa, 11:00etatik aurrera.
Aitziber Aizpuru eta Anne Otegi 'Azokatik Mahaira' ekimeneko saio batean, Ordizian.Loinaz Agirre Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin ekimena Beasainera iritsiko da asteartean, bihar. Aste osorako menu osasungarria bi ordutan prestatzen ikasteko tailerra izango da astearteko azokaren barruan.
Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak eskainiko dute, azokan bertan 11:00etatik aurrera. Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak eta Gipuzkoako Azoken Sareak antolatzen du ekimena tokian tokiko udalarekin elkarlanean. Helburu nagusia herritarrei eguneroko elikadura modu erraz, osasungarri eta jasangarrian antolatzeko tresna praktikoak eskaintzea da, baserritarren eta tokiko ekoizleen lana erdigunean jarriz.
Batch cooking metodoa erabiltzen dute aste osorako menu orekatua prestatzeko, bi ordutan. Sukaldeko plangintza hobetzen laguntzeaz gain, elikagaien xahuketa murrizteko gakoak ematen dituzte.
Tailerra amaitzean platerak dastatzeko aukera izango da azokan, eta aste osorako errezetak biltzen dituen QR kode bat emango zaie inguratzen direnei.













