Bilman Busek "borrokan ari zen langile bat" kaleratu duela salatu du Kontseilu Sozialistak
Elkarretaratzea deitu dute Beasaingo Bideluze plazan ostiralean.
Kaleratzea salatzeko Kontseilu Sozialistak egindako agerraldia.Kontseilu Sozialista Goierriko Kontseilu Sozialistak Bilman Bus enpresan izandako kaleratze bat salatu du. Kontseiluaren esanetan, “bere lan baldintzen alde borrokan ari zela” kaleratu du enpresak langilea.
“Langileak Gipuzkoako Foru Aldundiak azpikontratatua duen enpresaren eskubide urraketak –Lurraldebusen zerbitzuak eskaintzen ditu Bilman Busek– salatzen aritu dira azken hilabeteetan: ordaindu gabeko ordu estrak, atseden egunak ez errespetatzea…”, adierazi du ohar batean kontseiluak.
Enpresak langileen eskakizunei “entzungor egin” eta “borrokan ari zen langileetako bat kaleratu” duela salatu dute. “Larria iruditzen zaigu eskubide politikoen urraketa hau eta lan sindikalaren aurkako eraso bat dela azpimarratu nahi dugu”.
Elkarretaratzea deitu dute enpresako langileekin eta BAT sindikatuarekin, “kaleratua izan den langileari babesa eman eta lanera itzul dadila exijitzeko”, ostiralean, uztailak 17, Beasaingo Bideluze plazan, 18:00etan.













