Goierriko energia-ereduan 240.000 euro inbertituko ditu Aldundiak
Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok hitzarmena sinatu du Gipuzkoako eskualde-garapeneko hamar agentziekin, horien artean daude Goieki eta Uggasa.
Goiekiko Maialen Sanchez eta Jose Ignacio Asensio diputatua.GFA Jasangarritasun Departamentuak Goieki eta Uggasa eskualde-garapeneko agentzietan 2026an eta 2027an 240.000 euro inbertituko ditu, agentzia bakoitzean 120.000 euro.
Jasangarritasuneko diputatuak, Jose Ignacio Asensiok, Gipuzkoako eskualde-garapeneko hamar agentziekin sinatu du hitzarmena. Agentzia horiek urtean 60.000€ jasoko dituzte energia berriztagarrien, energia-eraginkortasunaren eta energia pobreziaren aurkako borrokaren arloko jarduerak garatzeko.
“Hurbiltasunean, erakundeen arteko lankidetzan eta pertsonekiko konpromisoan oinarritutako trantsizio energetikoko eredu bat indartzen dugu”
Jose Ignacio Asensio. Jasangarritasuneko diputatua
Asensiok dio, “hitzarmen horiekin egonkortasuna ematen diogu eskualdeen energia-plangintzari, eta hurbiltasunean, erakundeen arteko lankidetzan eta pertsonekiko konpromisoan oinarritutako trantsizio energetikoko eredu bat indartzen dugu”.
Eskualde bakoitzak bere errealitatera egokitutako proiektu espezifikoak garatuko dituela azaldu du Jasangarritasun Departamentuak: “Goierrin eskualdeko energia eta klima diagnostikoa egingo da, Energia Komunitateen Eskualdeko Mahaia bultzatuko da eta enpresetarako mugikortasun jasangarria sustatuko da”. Bestalde, Urola Garaian, “pobrezia energetikoari, mugikortasun azterlanei eta prestakuntza eta espezializazio-ekintzei buruzko eskualde-diagnostiko bat egingo da”.
Garapeneko agentziak
Goiekiko Energia Mahaiko koordinatzaileak, Nagore Alkortak, eta Uggasako kudeatzaile Itziar Salaberriak sinatu dute hitzarmena.
Goieki Goierriko pertsonen premiei erantzuteko konpromisoa duten 18 udalerrik osatzen dute: “Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia, Zegama eta Zerain”.
Uggasa, berriz, Urola Garaia Mankomunitateak sortutako Garapen Sozioekonomikorako Agentzia da, eta Ezkio, Legazpi, Urretxu eta Zumarragak osatzen dute.

Uggasako Itziar Salaberria eta Jose Ignacio Asensio diputatua.Goierriko Hitza













