Memoria Zikloa, 36ko gerrako biktimak oroitzeko hitzaldi eta omenaldi banarekin
Asteazkenean 'Frankismoaz haratago: hausturak eta jarraitutasunak, diktadorearen heriotzatik gaur egun arte' hitzaldia eskainiko du Javier Bucesek. Hilaren 27an izango da omenaldi-ekitaldia.
Javier Buces Cabello Aranzadiko historialari eta ikerlaria.Aranzadi Beasaingo Memoriaren Herri Ekimenak udalaren babesarekin antolatuta, Memoria Zikloa egingo dute Beasainen datozen egunetan. Hitzaldi eta omenaldi bana izango da.
Duela urte batzuk jarri zuen herri ekimenak martxan zikloa, eta uztailaren erdialde inguruan izan ohi da. Beasaingo memoria historikoa berreskuratzeko eta herrian emandako 36ko gerraren eta ondorengo frankismoaren biktimak omentzeko eta oroitzeko helburua du.
Asteazkenean, uztailak 15, Javier Buces Cabello Aranzadiko historialari eta ikerlariak Frankismoaz haratago: hausturak eta jarraitutasunak, diktadorearen heriotzatik gaur egun arte hitzaldia eskainiko du, euskaraz eta gaztelaniaz. Igartzako jauregian izango da, 19:00etan.
Uztailaren 27an, aldiz, 36ko gerrako –hasi zela 90. urteurrena da aurten– biktimak oroitzeko omenaldi-ekitaldia egingo dute, biktimen oroimenerako monumentuan, 19:00etan. Izenen irakurketa, bertso musikatuak, agurra edota lore eta kandela eskaintza egingo dituzte.
Euria egiten badu ekitaldia Igartzako jauregian izango da, eta ondoren lore eta kandela eskaintza monumentuan.













