Sagitario A* literatur azoka Ordiziara iritsiko da irailaren 26an
Aurrenekoz egingo da, eta zientzia-fikzioa, fantasia eta beldurra ekarriko ditu. Mikroerrelatoen lehiaketa ere antolatu dute, eta dagoeneko aurkeztu daitezke lanak.
Zientzia-fikzioaren, fantasiaren eta beldurraren inguruko azoka berria hartuko du Ordiziak datorren irailaren 26an. Estreinakoz egingo dute, Sagitario A* izenpean, gazte zein helduen artean irakurzaletasuna sustatzeko eta genero horiei ikusgarritasuna emateko helburuarekin. Luis Mari De Juan ordiziarra da ekimenaren sustatzaileetako bat, eta xehetasun gehiago ezagutzera eman ditu Manex Berzosa zinegotziarekin eta Izaro Intsausti teknikariarekin batera. Ordiziako Plazan kokatuko dute eta egun osoan zehar gozatu ahal izango da ondu duten programaz.
Jaialdiaren izenaz mintzo da De Juan, eta azaldu du lotura zuzena duela genero horien unibertsoarekin; izan ere, Esne Bidearen erdigunean dagoen zulo beltz supermasiboaren izena da. “Unibertsoaren misterio handienetako bat da, eta irudimenari, aurkikuntzari eta ezezagunari lotutako sinbolo ezin hobea zela iruditu zitzaigun”, azaldu du. Berzosak, berriz, gazteei literaturara hurbiltzeko “ekimen interesgarria” dela gehitu du.
Lehiaketa ere martxan
Liburu azoka, eleberri eta komikien aurkezpenak, egileekin topaketak, haurrentzako tailerrak, rol-jokoak, komikiak eta publiko guztientzako bestelako jarduerak aurkitu ahal izango dira. Baina ez hori bakarrik. Zientzia-fikzio, fantasia eta beldurrezko mikroerrelatoen lehiaketa ere antolatu dute, eta dagoeneko zabalik da lanak aurkezteko epea. Lehiaketako irabazleak egunean bertan jasoko du saria.
Parte-hartzaileek gehienez 200 hitzeko lan original bana aurkeztu ahal izango dute, eta hiru generoetako bakoitzean lan irabazleak 200 euroko saria jasoko du. Haurrek euskaraz aurkeztu beharko dituzte lanak, eta helduek, euskaraz edo gazteleraz.
Irailaren 6a baino lehen -egun bera barne- bidali beharko dituzte lanak, helbide hauetako batera: zientzia fikzioaz hitz egiten badu, luismaridejuan@gmail.com, fantasiazkoa bada liburudenda@ebla.eus, eta beldurra ardaztzat badu roman.huarte@gmail.com. Zentzu horretan, lehiaketan parte hartzera, irakurzaletasuna bultzatzera eta egunean bertan plazara hurbiltzera gonbidatu dituzte herritarrak.













