Urbiako fondak ateak irekiko ditu San Inazio egunean
Katering enpresa bat kontratatu duela iragarri du partzoneriak. Berrikuntza lanak ere egingo dituzte, eta datorren urtean irekitzea aurreikusi dute.
Urbiako fondaren kanpoko ikuspegia Urbian, artxiboko irudian. Hitza Gipuzkoako eta Arabako Partzoneriak uztailaren 31n fonda zerbitzua egongo dela iragarri du. Katering enpresa bat kontratatuko du bertaratzen direnei jatekoa eta edatekoa eskaintzeko. «Jende askorentzat oso berezia da San Inazio eguna eta irtenbide bat eman nahi izan diogu betidanik fondak eman duen zerbitzu hori bermatzeko», esan du Iñaki Alberdi Partzoneriako lehendakariak eta Idiazabalgo alkateak. Gainera, aste honetan bertan fonda berritzeko lanak hasiko dituztela ere baieztatu dute eta datorren udaberrian, zerbitzuaren lizitazioa deialdi publikora aterako du.
Iazko abuztuaren 13tik dago itxita Urbiako fonda. 1999tik fondaren kontzesioa zuen Urbiako Fonda S.L. enpresak fondaren ustiaketa uzteko erabakiaren berri eman zuen 2023an. Ordezko bat aurkitzeko konpromisoa hartu zuten orduan eta bi urtez zerbitzua bermatzea lortu zuten, iazko abuztura arte. «Behin denbora hori igarota, iaz maizter berriak Urbiako Fonda S.L. enpresa erostera derrigortuta zeuden, Partzoneriak kontzesioa enpresa bati egin behar diolako eta ez norbanako bati. Enpresaren jabeak eta maizter berriak ez ziren akordio batera iritsi eta orduan hartu zuten fonda ixteko erabakia», zehaztu du Alberdik. Iazko urtearen amaieran, Urbiako Fonda S.L enpresak kontzesioa uzteko erabakia hartu zuen, eta ondorioz, fonda partzoneriaren esku geratu zen berriz bere osotasunean.
Ibilbide berri bat
Partzoneriaren helburu nagusia «fonda berriz zabaltzea» dela azpimarratu du lehendakariak, eta «datorren urtearen lehenengo seihilekoan» zerbitzuaren lizitazioa deialdi publikora aterako du. Aurretik ordea, Urbiako Fonda S.L.rekin dituen «kontuak» likidatu behar ditu: «enpresakoak fonda husten ari dira, beraien jabetzakoak diren ondasunak ateratzen. Behin husten dutenean amaituko da partzoneriaren eta Urbiako Fonda S.L. enpresaren arteko harremana».
Fonda hustuko dela aprobetxatuz, hainbat berrikuntza lan egingo dituzte bertan, aste honetan hasita; «eraikina oso zaharkituta dago, teilatuan itoginak daude eta argindar sistema ere oso zaharkituta dago». Aurrekontu orokorra 400.000 euro ingurukoa da eta asmoa da, zati bat Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzekin finantzatu ahal izatea.
Teilatua konpontzeko lanekin hasiko dira aste honetan, «165.000 euroko aurrekontua dute eta iraila edo urrira bitarte luzatuko dira». Behin horiek amaituta argiteria sistema berritzeko lanak hasiko dituzte, «elektrizitate instalazioa osorik berrituko da (75.000) eta eguzki plakak jarriko dituzte (60.000)».
Barrutik ere hornituko dute fonda, sukalde berri bat jarriko dute (65.000) eta logelak isolatu eta arotz lanak ere egingo dituzte (35.000). Izan ere, ostatu zerbitzua indartu nahi dute partzoneriatik, «azken urteetan taberna eta jatetxe zerbitzua bakarrik eskaini dira, baina aurrerantzean lo egiteko zerbitzua ere martxan jarri nahi dugu», esan du Alberdik, fondaren aro berriari erreferentzia eginez.
San Inazio eguna
Datorren urteari begirako erronkak dituzte horiek, baina aurretik, San Inazio eguna dago gertuago. Katering zerbitzuarekin fondak berriz irekiko ditu ateak egun horretarako. Partzoneriak ohiko egitaraua prestatu duela aurreratu du Alberdik, «meza egongo da goizean eta ondoren, partzoneriak urtero eskaintzen duen hamaiketakoa emango du: parrillan erretako txistorra pintxoak, ardoa eta ura. Herri kirol saioa izango da eta musika jartzen, Marki eta Sukia».













