Goierriko ‘El konkis’ Seguran
Zegama, Segura eta Idiazabalgo nerabeek jokatuko dute lehiaketa. Bailara mailako ekintzak hartu emanak sendotzea du helburu. Hiru erronka gainditu beharko dituzte, taldetan banatuta.
Zegamako udalelu irekietako eta gaztelekuko nerabeak Zegaman, pasa den astean. Bele Gazte gaztelekua. Zegamako, Segurako eta Idiazabalgo udalekuetan parte hartzen ari diren gaztelekuetako nerabeek hiru herrien arteko El Konkis lehiaketa jokatuko dute gaur, Segurako Alustiza futbol zelaian. Herri bakoitzeko gaztelekuak uda garairako programa propioa duen arren, herri arteko harremanak sustatzeko ekintza amankomun bat egitea adostu dute aurten. «Lehenengo aldiz egingo dugu hiru herrien artekoa», zehaztu du Ainitze Azurmendi Zegamako Bele Gazte gaztelekuko hezitzaileak.
Aurrekariak badaude hala ere. Iaz Segurako eta Zegamako gazteek bi ekintza egin zituzten elkarrekin, «bat Zegaman eta bestea Seguran». Aizkorpe bailarako gazteak ezagutzen dute elkar eskolatik edo «bestelako lekuetatik», baina mota honetako ekintzak elkarren arteko harremanetan sakontzeko baliagarriak dira. Idiazabalgoak aurten, parte hartzeko borondatea agertu dute.
Hiru erronka, irabazle bat
Talde ezberdinetan banatuta hiru erronka gainditu beharko dituzte guztira parte hartzaileek. Ondoren, finala hiru talderen artean jokatuko da eta bertan erabakiko da zein den Goierriko konkis berria.













