Idiazabalen erabakiko da Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuituko txapelduna
Azaroaren 14an jokatuko da Idiazabalgo Mendi Duatloi proba bigarren aldiz. Atzo aurkeztu zuten Zarautzen 2026ko egutegia. Bi proba gehiago eta puntuazio sistema berria izango ditu 16. edizioak.
Juan Zubia EHMDZko ordezkaria, Sandra Rodriguez Zarauzko Triatloi Taldeko ordezkaria, Maddi Olaetxea eta Josu Urrestarazu iazko irabazleak, eta Idoia Alberdi Zarauzko kanpineko ordezkaria, aurkezpen ekitaldian. BERRIA Atzo aurkeztu zuten Gran Camping Zarautz kanpinean Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuituaren (EHMDZ) 16. edizioa. Guztira bederatzi probek osatuko dute aurtengo egutegia eta Idiazabalen jokatuko da Euskal Herriko txapelketa maila guztietan, azaroaren 14an. Bigarren urtez antolatuko dute aurten Idaizabalgo mendi duatloia. Egutegiari Asteasun emango diote hasiera irailaren 19an eta Adunan amaituko da azaroaren 28an.
Aurkezpenean antolatzaileek esan zutenez, azken urteetan berriro ere gora egiten hasi da parte hartzea eta aurtengo edizioa “indarberrituta” datorrela aurreratu dute. Izan ere, ohikoez gain, beste bi proba berri batu zaie aurtengoan: Zarauzkoa, irailaren 26an eta Bidania-Goiazkoa, azaroaren 21ean.
Aldaketak puntuazio sisteman
Beste berritasunik ere ekarriko du 16. edizioak, izan ere Juan Zubia EHMDZren antolatzaileetako batek aurreratu duenez, aldatu egingo dute puntuazio sistema leialtasuna eta egutegi osoa egitea sustatu asmoz: “Sailkapenetan aurten ezingo da probarik alde batera utzi. Irabazleak 25 puntu izango ditu, bigarrenak 20, eta horrela hurrenez hurren. Hau da, proba batean kale eginda ere, besteetan parte hartuz gero, ez da lehen adinako alderik sortuko puntuetan”.
Atzoko aurkezpen ekitaldia izan ziren iazko irabazleetako bi: Josu Urrestarazu idiazabaldarra —gizonezkoen banako mailan txapelduna— eta Maddi Olaetxea usurbildarra. Urrestarazu 2012an hasi zen mendi duatloietan Beasaingo Arrarian auzoan. 2018Tik urtero egiten ditu mendi duatloiak eta ordutik hiru aldiz izan da EHMDZ-n irabazle eta lau aldiz Euskal Herriko txapeldun: “Udazkenean, Behobia eta mendi duatloiak izan dira beti nire egutegiaren ardatza. Aurten Behobian 1:10eko langa hori jaisteko apuztua egin nahi dut, baina mendu duatloien egutegiko azken probak behintzat egingo ditut”, esan zuen.
EHMDZaren egutegia:
- Irailak 19: Asteasu (Gipuzkoa)
- Irailak 26: Zarautz (Gipuzkoa)
- Urriak 3: Durango (Bizkaia)
- Urriak 17: Kanpezu (Araba)
- Urriak 24: Aia (Gipuzkoa)
- Urriak 31: Ibarra (Gipuzkoa)
- Azaroak 14: Idiazabal. Euskal Herriko txapelketa.
- Azaroak 21: Bidania-Goiatz (Gipuzkoa)
- Azaroak 28: Aduna (Gipuzkoa)













