San Bartolome jaietako otorduetarako txartelak salgai datorren astetik
Uztailaren 20an eta 21ean jarriko dituzte kuadrillen bazkarirako eta herri afarirako txartela salgai, hurrenez hurren.
Herri afaria San Bartolome jaietan, iaz. Hitza Zegamako San Bartolome jaiak abuztuaren 21etik 25era ospatuko dituzte aurten. Zegamako Udala hasia da dagoeneko antolaketa lanetan eta datorren astean irekiko dituzte jaietako bazkari eta afari herrikoietan izena emateko epeak.
Herriko jai nagusien barruan, abuztuaren 22an herri afaria egingo dute Aitxuri herri eskolako patioan. Afaltzeko Lumagorri oilaskoa eta Sant Sadurni D´Anoiako cava izango dira dastagai eta zeliakoentzako eta beganoentzako menuak ere izango dira aukeran, haurrentzat zein helduentzat.
Hasiera batean, txartelak uztailaren 20an salgai jarriko zituztela iragarri bazuten ere, txartelen inprentan izandako arazo bat tarteko, uztailaren 21era atzeratu behar izan dute. Udaletxean egongo dira salgai; 2013an eta aurretik jaiotakoentzat 30 euroan eta 2014an edo ondoren jaiotakoentzat, 15 euroan.
Txartel salmentan mugarik ez
Herri afarirako txartelen salmentaren inguruan azken urteetan sortutako gorabeheren harira, udalak galdeketa bat egin du aurten herritarren proposamenak jasotzeko asmoz. Hainbat proposamen ezberdin jaso dituzte eta udalak ahal den heinean guztientzako lekua egokitzeko eta txartel salmentan mugarik ez jartzeko erabakia hartu du. Udalak adierazi duenez, jaietako herri afariaren “herrikoitasunari” eutsi nahi diote eta “herritarren elkargune izango den” afari bat izatea dute helburu. Horregatik, txartele erosketa “arduratsua” egiteko deia egin diete herritarrei.
Bestalde, abuztuaren 23an ospatuko da Kuadrillen Eguna eta ohi bezala kuadrillen arteko bazkaria ere antolatu dute egun horretarako. Aitxuri herri eskolako patioan izango da, 14:30etik aurrera. Bazkarian paella ezberdinak izango dira aukeran, barazkiduna barne. Kuadrillen bazkarirako txartelak datorren astelehenean, uztailak 20 jarriko dituzte salgai udaletxean; helduenak 22 euroan eta haurrenak, 12 euroan.
Bi kasuetan txartelak erosteko azken eguna abuztuaren 14a izango da.













