Arantzamendiko topaketa larunbatean
Ataundarrak eta idiazabaldarrak jai giroan elkartuko dira. Erromeria egongo dute Dani Oiarbide eta Pello Urdangarin trikitilariekin.
2024ko Arantzamendiko Topaketa Jon Esnaola Irazusta Ataungo eta Idiazabalgo udalek Arantzamendiko Topaketa antolatu dute aurten ere. Larunbatean, ataundarrak eta idiazabaldarrak dantzaleku bezala ezagutzen den zelaian elkartuko dira, 11:00etan. Ondoren, hamaiketakoa eta erromeria izango dira Dani Oiarbide eta Pello Urdangarin trikitilariekin.
Duela 10 bat urte, hain zuzen ere, bi herrietako abeltzainak eta udalak, festa hori biziberritzeko asmotan hasi ziren lanean. Juntadizoa egin, musika eta jan-edanarekin gozatu, eta elkarrekin egun pasa eder bat egitea zen asmoa. Mugakide diren herritarren arteko harremanak sendotzea du helburua.
Mendiak muga izan daitezke askotan, baina beste askotan, baita topaleku ere. Hala gertatu izan da inguruko tontor askorekin. Dantzaleku, erromeria gune, eta azken batean topaleku baitira inguruko herrietako bizilagunentzat.
Hala gertatzen da Arantzamendirekin. Ataun eta Idiazabal artean dago tontorra, 783 metroko altueran kokatuta. Alde bateko zein beste adinekoek gogoan dute erromeria leku ezaguna izan zena. Ohiturak aldatu ahala, festa hura ere galdu egin zen. Baina, urteak aurrera joan ahala berreskuratu egin zuten, esan bezala duela hamar urte.
Pandemiara arte hiru urtez egin zuten. Beste bi urteko etena ekarri zuen gaitzak. Baina ohitura zaharra ez dute ahaztu, eta aurten, azken urteetan bezala, Arantzamendiko topaketa antolatu dute.












