Urkiola erretegiak jaso du kalitate handieneko eta produktu oneneko jatetxearen Jakitea saria
Adunako Zabala sagardotegian banatu dituzte VIII. Jakitea sariak. Xabier Zabaleta Jakitea elkarteko lehendakariak eta Beasaingo Kattalin erretegiko Arantxa Arrizabalagak eman diote Iñigo Urkiolari saria.
Kattalin erretegiko Arantxa Agirrezabala eta Urkiola erretegiko Iñigo Urkiola, Jakitea sariketan.Ataria Beasaingo Urkiola erretegiak irabazi du Jakitea sariketako Juan Manuel Garmendia saria, kalitate handieneko eta produktu oneneko jatetxeari saria. Iñigo Urkiola erretegiko arduradunak jaso du.
Adunako Zabala sagardotegian banatu dituzte atzo VIII. Jakitea sariak. Xabier Zabaleta Jakitea elkarteko lehendakariak eta Beasaingo Kattalin erretegiko Arantxa Arrizabalagak eman diote Urkiolari saria.
Iñigo Urkiolak berak azaldu duenez, espero gabekoa izan da: “Ez nuen espero, sorpresa bat izan da. Eta pozik sariarekin”. Horrelako sariketek oihartzuna ematen diote egunerokoan egiten duten lanari. “Telebistan ere azaldu gara eta ondo etortzen dira horrelako sariak”, azaldu du Urkiolak. Repsol gidan ere gomendatutako erretegia da.
Bigarren belaunaldia da. Bere guraso Jose Inazio Urkiolak eta Mari Carmen Katarainek jarri zuten martxan erretegia 1989an, eta “bide beretik” jarraitzen du semeak: “Hau ez dugu aldatu, hobetu dugu dezente denok, baina produktua eta sukaldatzeko erak berdin jarraitzen du”. Hori baita Urkiola jatetxearen indargunea: produktua eta parrila. “Produktu ona, bertakoa eta parrila”, zehaztu du arduradunak.
“Hau ez dugu aldatu, hobetu dugu dezente denok, baina produktua eta sukaldatzeko erak berdin jarraitzen du”
Iñigo Urkiola. Urkiola erretegiko nagusia
Duela 5 urte hartu zien erreleboa gurasoei. Jatetxean hazitakoa da: “Nik 8 urte nituen hau muntatu zutenean gurasoek, eta azken finean hemen hazi naiz, sukalde artean”. Halere, beste bide bat hartu zuen aurrena, interiorismoa ikasi baitzuen, eta horretaz lan egin zuen 15 bat urtez. Ez zeukan argi erreleboa hartuko zuenik azkeneko momentura arte. “Haiek jubilazioan pentsatzen hasiak ziren, seme bakarra naiz eta orduan erabakia zen alokatzea edo guk jarraitzea. Erabakia jarraitzea izan zen eta pozik erabakiarekin”.
Jakitea sariketako sari nagusi horrez gain, beste bederatzi aitortza egin ditu Jakitea elkarteak. Hauek izan dira sari guztiak:
- 0 kilometroa/Eusko Label saria: Casa Garras (Karrantza, Bizkaia)-Txema Llamosas.
- Jatetxe onenari saria: Bordatxo jatetxea (Usurbil, Gipuzkoa)-Paulino Ibargoien.
- Bertako ekoizleari saria: Balerdipeko Erleak (Tolosaldea, Gipuzkoa)-Mattin Jauregi eta Inaxio Arin.
- Pintxo tradizional onenari saria: Donostiarra pintxoa, Artola taberna (Donostia, Gipuzkoa)-Jose Mari Morales eta Ainhoa Bonail.
- Plater tradizional onenari saria: Chez Mattin (Ziburu, Lapurdi)-Michel eta Celine Niquet.
- Euskara sustatzeagatik errekonozimendua: Biko taberna jatetxea (Tolosa, Gipuzkoa)-Arantxa Usabiaga eta Kattalin Bollain.
- Ibilbide osoari saria: Amaia Portuzar, Ganbara taberna (Donostia, Gipuzkoa); Begoña eta Belen Plazaola, Arrate jatetxea (Leintz-Gatzaga, Gipuzkoa); eta Pili Bereziartu, Irubide jatetxea (Hernani, Gipuzkoa).
- Bertakotzeagatik errekonozimendua: Juan Carlos Beltran, Xixario jatetxea (Orio, Gipuzkoa).
- Mikel Corcuera kazetaritza gastronomikoari saria: Pepe Barrena.
- Juan Manuel Garmendia saria, kalitate handieneko eta produktu oneneko jatetxeari: Urkiola erretegia (Beasain, Gipuzkoa), Iñigo Urkiola.













