Ikasturte berrirako ikastaroen eskaintza zehaztu du Idiazabalgo Udalak
Berritasunen artean, helduentzako pintura eta antzerki ikastaroak eskainiko dituzte irailetik aurrera.
Idiazabalgo Udalak zehaztu du 2026-27 ikasturtean eskainiko duen ikastaro sorta. Guztira 25 ikastarok osatuko dute eskaintza: kirola, kultura, ongizate eta Emakumeen Jabetze Eskola sailetan banatuta. Ohi bezala, izena emateko epea irailaren 1ean zabalduko da.
Kirol ikastaroetako eskaintza azken urteetako berbera izango da: spinning, GAP, TRX, Pilates, yoga, gaztefit, mantentze soinketa eta Taichi. Berritasun nagusia TRX ikastaroan egongo da, lau talde eskainiko baitira.
Sei jarduerak osatuko dute Euskara eta Kultura saileko eskaintza. Egur taila, joste lanak, helduentzako zeramika eta euskara ikastaroez gain, bi ikastaro berri eskainiko dira: helduentzako pintura (ostegunetan, 17:00etatik 20:00etara) eta antzerkia (astelehenetan, 19:00etatik 21:00etara).
Ongizate sailean, oroimen tailerra eta Izalbiraz gain, musikoterapia, familientzako elikadura tailerra eta gaitasun digitalak lantzeko ikastaroa eskainiko dira.
Emakumeen Jabetze Eskolak bost ikastaro eta jarduera eskainiko ditu: kakorratz-lanak, emakumearen zikloak eta osasun hormonala, bitxigintza-tailerra, autodefentsa feminista eta Idiazabalgo emakumeen topaketa.
Ikastaro guztien datak eta ordutegiak abuztuaren amaieran argitaratuko dira.













