Santanazale eta kuadrillen eguna ospatzen ari dira Ordizian, jaiak agurtzeko
Ohiko soka dantza egin dute Santanzaleek, eta azken suziria sutu dute udaletxeko balkoitik. Plaza nagusia kuadrillez bete da. Azken jai eguna dute gaur.
Santaneroen soka dantza, astelehen eguerdian. Izaro Villarreal Ordiziako jaien azken eguna ospatzen ari dira ordiziarrak, Santanazale eta kuadrillen egunean. Santanazaleen egunak 500 urte baino gehiagoko historia du, eta tradizioari eutsiaz jarraitzen dute oraindik ere. Joan den urteko uztailetik aurtengo uztailera bitartean ezkondu diren bikoteak izan dira protagonista eta goizean goizetik hasi dituzte jarduerak.
Mantila eta loreekin neskak atondu bezain pronto, udaletxean harrera egin die Adur Ezenarro alkateak: iazko atzesku eta aurreskuek aurtengoei lekukoa pasa, udaletxeko liburuan sinatu, eta sokan, udaletxetik elizara arteko ibilbidea egin dute. Bukatutakoan, udaletxera itzuli eta ohiko soka dantzari ekin diote. Itsasne Crehuet izan da aurtengo aurreskua eta Izaro Garmendia atzeskua.
Hamaika bikote Santanazale izan dira gaurkoan: Laura Tolosa, Fran Villar, Julieta Rucci, Mikel Cobos, Izaro Garmendia, Andoni Sanchez, Ane Irribarria, Ander Aranzegi, Ane Urteaga, Asier Landa, Maite Crehuet, Andoni Zubiaurre, Wenli Lin, Jon Hernandez, Lander Sarasola, Maider Goitia, Idoia Garmendia, Lukas Tapia, Itsasne Crehuet, Julen Casado, Jon Rodriguez eta Shubila Stanton.
Kuadrillen eguna
Eguerdian, azken suziria sutu dute Santanazaleek, eta kuadrillen egunari hasiera eman diote. Blusak soinean jantzita, goraino bete dute ordiziarrek Plaza Nagusia. Aurreneko suziriarekin batera abiatu dira txarangen doinuak ere, eta aho batez entzun da ‘Ordiziarrak gara’ kanta. Ordiziako kaleetan zehar jarraitu dute berehala, eta kolorez jantzi da alde zaharra.
Goizak eman duena, iruditan:
Argazkiak: Izaro Villarreal













