Emaneurre Euskarari eguna irailaren 5ean ospatuko da
Herri kirol desafioan parte hartu nahi dutenenek izena eman dezakete dagoeneko. Abuztuaren 15ean jarriko dituzte salgai bazkarirako txartelak.
Iazko Emaneurre Euskarari eguneko kirol saioko partaide batzuk.Aimar Maiz Ordizian euskarari egurra emateko eguna izango da irailaren 5a. Hala iragarri du Emaneurre Taldeak. Aurtengo Emaneurre Euskarari eguna larunbat horretan ospatuko da, kuadrillen arteko herri kirol desafioa ardatz nagusi duela.
Dagoeneko irekita dago herri kirol jarduketa horretan parte hartu nahi dutenek izena emateko epea. Harria, koxkolak, arrauna, korrika, trontza, txingak, zakua eramatea izango dira egin beharreko lanak. Zortzi laguneko taldeak osatu beharko dituzte, taldeko 120 euro ordaindu beharko dute, eta trukean, parte hartzeko aukera, zapia eta bazkaria jasoko dute. Izena emateko emaneurretaldea@gmail.com helbidera idatzi behar dute, taldearen izena, arduradunaren telefono zenbakia eta ordainagiria atxikita.
Bestalde, herri kirol saioan parte hartuko ez dutenentzako bazkari txartelak abuztuaren 15ean jarriko dituzte salgai herriko hainbat tabernatan.
Egun osoko festa
Irailaren 5eko festak egun osoko egitaraua izango du. 10:00etan hasiko da herri kirol desafioarekin, eta aurten bazkaria 15:00etan izango da. Andoni Ollokiegik girotuko du bazkalondorena, 16:30etik aurrera. Ondoren, 18:30ean hasita, Hamarru elektrotxarangaren txanda izango da, eta gauean, 23:00etan, Gozategik hartuko du erreleboa.













