Abuztuko ezpata-dantza egin dute Irrintziko dantzariek eta Antxinako Ama txistulariek parrokian eta plazan
Euriak harrapatu du dantzariek, txistulariek eta udal agintariek osatutako taldea elizatik plazarako bidean. Udaletxe aurrean ezpata-dantza eta aurreskua dantzatzerako, atertu egin du. Jende asko bildu da plazan dantza saioa ikusteko.
Irrintziko dantzariek eta Antxinako Ama txistulariek bat egin dute gainerako zumarragarrekin herriko zaindaria den Jasokundeko Andra Mariren eguna ospatzeko. Ohiturari jarraituz, ezpata-dantza izen bereko parroki-elizan eta plazan dantzatu dute.
Gaurko dantza ekitaldi hau udaletxe azpialdean hasi da, han Irrintziko dantzariak, Antxinako Ama txistulariak eta udal agintariak elkartuta. Prozesioan joan dira guztiak parrokiraino, eta 11:00etako kanpai hotsekin elizara barrura iritsi dira. Meza nagusiaren aurretik dantzatu dute ezpata-dantza dantzariek txistulariek lagunduta.
Amaieran, alderantzizko bidea egin dute Euskadi plazaraino, han berriz ere dantzatzeko. Aurten euri zaparradak harrapatu ditu bidean, baina dantzan hasteko unean atertu egin du, eta hala jarraitu du azken saiora arte. Ezpata-dantz egin dute hasieran, aurreskua gero, eta amaieran, fandangoa eta arin-arina.
Antion dantzatu zuten dantzariak izan dira gaur ere ezpata-dantza eta plazako aurreskua egiten. Adur Garmendia, Nahia Tubia, Nahia Alustiza eta Malen Larrañaga izan dira kapitainak, eta sokan aritu dira Elena Urteaga, Miren Hernandez, Eneritz Mendia, Jon Calzada. .Sara Aztiria, Izaro Baztarrika, Intza Larrañaga, Itxaso Zurutuza, Saioa Telleria eta Irati Marin. Aurreskuan, Adur Garmendiak Aratz bere anaiari dantzatu dio, eta Naia Tubiak, bere amonaren lagun bati.
Dantza ekitaldia amaituta, ospakizun eguna dute dantzariek zein txistulariek.













