Almitzak hiru podium lortu ditu Austrian
Sega txikiko gizonezkoen kategorian lehen postua eskuratu dute; sega txiki mistoan hirugarrena; eta emakumezkoen sega handiko kategorian, bigarren postua.
Almitza Sega Elkarteko segalariak Austrian Zaldibiako Almitza Sega Elkarteko segalariek emaitza bikainak lortu dituzte asteburuan, Austriako Moosdorf herrian jokatutako taldekako sega txapelketan. Lau talderekin lehiatu ziren, eta horietatik hiruk podiumean amaitu zuten.
Sega txikiko gizonezkoen kategorian, txapela jantzi zuten Altzo Jauregik, Bixente Mitxelenak, Oier Urkolak eta Manex Olaizek osatutako taldeak. Kategoria berean, hirugarren postua eskuratu zuen Alaitz Imazek, Inge Goikoetxeak, Harri Mazkiaranek eta Joxe Luix Olaizek osatutako talde mistoak.
Sega handiko gizonezkoen kategorian, laugarren sailkatu ziren Altzo Jauregi, Bixente Mitxelena, Oier Urkola eta Manex Olaize.
Azkenik, emakumezkoen sega handiko kategorian, bigarren postua lortu zuen Euskal Herriko, Suitzako eta Bavariako segalariek osatutako taldeak. Alaitz Imaz eta Inge Goikoetxea euskal ordezkariekin batera, Margrit Föhn suitzarrak eta Steffi bavariarrak osatu zuten taldea.













