Zegama prest da San Bartolome jaietarako
Udalak hainbat ohar eta gomendio helarazi dizkie herritarrei, jaiak behar bezala ospatzeko.
Belaren jaitsierarekin hasiko dira aurten ere San Bartolome jaiak, hilaren 22an. Zegamako San Bartolome jaiak ate joka dira dagoeneko. Abuztuaren 21etik 25era eta 29tik 30era ospatuko dituzte aurtengo jaiak, eta egitarau zabala prestatu dute oraingoan ere.
Jaiak behar bezala ospatzeko, Udalak hainbat ohar eta gomendio helarazi ditu herritarrei:
- Herritarren arteko txirrindu probak (abuztuak 21): Txirrindu proban haurrak ondorengo adin tarteetan sailkatuko dira: 6 urtetik beherakoak (2020az geroztik jaiotakoak), 7, 8 eta 9 urtekoak (2019, 2018 eta 2017an jaiotakoak), 10 eta 11 urtekoak (2016an eta 2015ean jaiotakoak), 12 eta 13 urtekoak (2014an eta 2013an jaiotakoak). Apeaderora igoeran 14 urtetik gorakoek hartuko dute parte (2012tik atzera jaiotakoek). Aurten ere herrigunean tarteko helmuga ezarriko da eta bertatik lehena pasatzen denak saria izango du.
- Mozorro eguneko bazkaria (abuztuak 21): Kuadrilla bakoitzak bere janaria eta edaria eraman beharko ditu, eta hau bukatzean bere mahaia jaso. Txanton tabernan dagoen orrian edo udaletxean eman behar da izena abuztuaren 20ko eguerdiko 12ak baino lehen bazkarian
parte hartu nahi izanez gero. - Mozorro lehiaketa (abuztuak 21): Hiru sari egongo dira: 18 urtetik gorakoentzat (120 €), 18 urtetik beherakoentzat (120 €) eta bakarkako saria (100€). Parte-hartzaile guztientzat oilaskoa eta cava edo freskagarriak izango dira eta txartelak, sari banaketaren ondoren udal arkupean banatuko dira.
- Bertso-bazkaria (abuztuak 22): Bertso-bazkarian parte hartu nahi duenak, Ostatun izango ditu txartelak salgai abuztuaren 21era bitartean.
- Herri afaria (abuztuak 22): Herri afaria 21:00etan bada ere, eskolako patioko ateak 20:30etan irekiko dira jendea lekua hartzen joan dadin. Afarian, Cava botilak norberak hartu beharko ditu, ez dira mahaira zerbitzatuko. Afarian dastatuko den oilaskoa, Euskal Parrilla enpresak erreko du parrillan eskolako patioaren inguruan. Honenbestez, nola erretzen den ikusteko aukera izango da.
- Kuadrillen arteko bazkaria (aabuztuak 23): Kuadrillen arteko bazkarian parte hartu nahi duenak, abuztuaren 14ra bitartean, udaletxean izango ditu txartelak salgai.
- Adio beleari (abuztuak 25): Aurtengoan “Adio Beleari” gaueko 22:30etan hasiko da. Gogoan izan, “adio beleari” Askatasunaren Etorbidetik abiatuko dela eta beltzez jantzita etorri behar dela. Eguraldi txarra bada gerta daiteke zenbait ekintza aurreikusitako lekuan ez egitea.
- San Bartolome auzoko igogailua: Abuztuaren 21etik 25era (biak barne) bitartean, gauez igogailua ez da martxan egongo 00:00etatik 7:00etara bitartean.
- Errepidea itxita: Abuztuaren 21etik 25era Aitxuri Herri Eskola paretik hasi eta Urgain Berriko zubira arteko errepide zatia itxita egongo da herri afarirako karpa eta mahaiak jarriko direlako bertan.
Azkenik, ahalik eta jai garbienak izateko konpromezua eskatu die udalak herritarrei. Ahalegin berezia egingo da San Bartolome jaietako ekintzetan (paella eta sardina dastatzean zein herri afarian) sortzen diren zaborrak sailkatuta jasotzeko. Hori dela-eta, ekintza hauetan hondakin organiko zein plastikozkoak bereizita jasotzeko edukiontziak jarriko dira.













