Toberak 40. ikasturtea abiatuko du irailean
Ikasturte berria irailaren 8an hasiko da. Musika-hizkuntza eta dantzaz gain, instrumentu ugari ikasteko aukera izango da.
Mutiloako, Segurako, Zegamako eta Zeraingo Tobera Musika- eta Dantza-eskolak 40. ikasturtea abiatuko du irailean. Ikasturte berria irailaren 8an hasiko da, eta egun horretan banatuko dizkiete instrumentuetan izena eman duten ikasleei ordutegiak. Horretarako, bi hitzordu izango dituzte: 17:30ean Zegamako Jabier Otaegi kultura-etxean eta 19:00etan Segurako Laiotz herri-eskolan.
Taldeetako irakaskuntzaren ordutegien berri, berriz, abuztuaren 31n emango dute. Eskolak irailaren 9an hasiko dira, eta 11 profesionaleko lantaldea izango du Toberak ikasturte honetan.
Musika eta dantza, adin guztientzat
Toberaren eskaintza zabala da. Musika-hizkuntza eta dantzaz gain, gitarra elektrikoa eta klasikoa, baxu elektrikoa, pianoa, trikitia, panderoa, organoa, txistua eta danbolina, bateria eta zeharkako txirula ikasteko aukera izango dute ikasleek.
Horrez gain, musika-taldeetan parte hartzeko hainbat aukera eskaintzen ditu eskolak, bai gazteentzat, bai helduentzat. Urtarriletik aurrera, esaterako, helduentzako eta jubilatuentzako euskal dantzen ikastaroak jarriko dituzte martxan.
Kuotei dagokienez, musika-hizkuntza eta helduen euskal dantzak hilean 20,2 euro dira; gainerako dantza-taldeak, 13,5 euro. Musika-tresnen kasuan, hileko kuota 38,5 eurokoa da, pandero-taldearen kasuan izan ezik, 20,2 eurokoa baita. Musika-taldeetan parte hartzeak, berriz, 7,3 euroko kostua du ikasleentzat eta 16,6 eurokoa ikasle ez direnentzat.
30 ekintza baino gehiago ikasturtean
Irakaskuntzaz gain, Toberak 30 ekintza baino gehiago egiten ditu ikasturtean zehar. Zegamako San Bartolome jaietan, esaterako, hainbat ekintzatan hartuko dute parte: zaindariaren prozesioan eta arku-egitean, agintarien soka-dantzan, azken urtean jaiotako haurren zapi-janztean Agurra dantzatuz, dantza-saioan eta trikitilarien kalejiran. Horrez gain, musika-ikasleek osatutako Norabide erromeria-taldeak ere dantzaldia eskainiko du.
Ikasturteko aurreneko jendaurreko ekintza, berriz, irailaren 27an izango da, Zegamako Adinekoen egunean.
Informazio gehiago nahi dutenek tobera@tobera.eus helbidera jo dezakete.













