Gabiriak ere agur esan die aurtengo jaiei
Abuztuaren 16an San Roke eguna ospatu zuten, eta 17an, berriz, San Roke Txiki eguna. Jarraian bi egunetako kronika.
San Roke Txiki eguneko herri afaria. Gabirian amaitu dira aurtengo Andra Mari jaiak. Astelehenean bukatu ziren ofizialki ospakizunak, eta festa giroari agur esanda, datorren urteko jaiei begira jarri dira dagoeneko herritarrak.
Jarraian, azken bi egunetako kronika:
Abuztuaren 16a
Abuztuaren 16a San Roke eguna izan zen Gabirian. Egunari hasiera emateko, meza nagusia egin zuten, eta herriko lau kantarik hartu zuten parte: Anabel Aldalurrek, Inma Albisuak, Joseba Muruak eta Xabier Barriolak.
Mezaren ostean, 12:00etan, Goruntz dantza taldearen saioa izan zen. Jende ugari bildu zen emanaldia ikustera eta giro bikaina izan zen.
Arratsaldean, berriz, sagardo dastaketa eta txistor lehiaketa egin zituzten. Guztira bost partaidek hartu zuten parte eta irabazlea Ormaiztegiko Jexuxmari Garmendia izan zen.
Abuztuaren 17a
Abuztuaren 17an, San Roke Txiki eguna ospatu zuten Gabirian, eta toka, bola eta tiragoma lehiaketak jokatu zituzten. Hiru modalitateek harrera ona izan zuten, eta parte-hartze handia izan zen.
Bola txapelketan, gizonezko federatuen kategorian Aratz, Aimar eta Ibon izan ziren irabazleak, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, berriz, Naiara, Pake eta Ixiar izan ziren podiumean.
Gizonezko federatu gabeen artean, Eneko Maizek lortu zuen lehen postua, Josu Elgarrestak bigarrena eta Iñaki Oiarbidek hirugarrena. Gazteen artean, Aitzol Osinaldek eskuratu zuen garaikurra. Emakumezkoen kategorian, Miren Garatek, Bakarne Peñagarikanok eta Txaiak lortu zuten lehenengo hiru postuetan egitea, eta gaztearen saria Izar Gaztanatorrek jaso zuen.
Toka txapelketan, emakumezkoetan Letizia Anton izan zen garailea, Ixiar Izuzkiza bigarrena eta Irati Aldasoro hirugarrena. Gaztearen trofeoa Alkain Elgarrestarentzako izan zen. Gizonezkoetan, berriz, Iñaki Maiz nagusitu zen, Nikolas Igarzabal izan zen bigarren eta Aitzol Osinalde hirugarren. Gaztearen saria Niko Goikoetxearentzako izan zen.
Azkenik, tiragoma txapelketan, Iñaki Osinale izan zen garailea, Iker Etxezarreta bigarrena eta Patxi Ormazabal hirugarrena. Gaztearen saria Oihan Elgarrestarentzako izan zen. Emakumezkoetan, Amelia Jauregi izan zen lehenen sailkatua, Amaia Larrañaga bigarrena eta Idoia Maiz hirugarrena. Lehenengo gaztearen saria Hegoa Kerejetak lortu zuen.
Gau aldera, ohiturari jarraituz, herri afaria egin zuten San Roke Txiki egunean. Guztira, 288 lagun elkartu ziren, tartean 30 haur. Udalak ardoa jarri zuen, eta Euskal Parrillak prestatu eta zerbitzatu zuen afaria.
Eguna amaitzeko, su artifizialak eta Joselu Anaiak taldearen kontzertua izan ziren.
Argazkiak: Aimar Maiz













