Hutsuneak hutsune, asteazkeneroko bizitasuna nagusitu da Ordiziako azokan
Maria Jesus Oriaren euskal kalabaza izan da gaurko azokako produktu nabarmenenetako bat. Gerezi tomate horiak eta gorriak ere izan dira salgai, baita 'Cojón de fraile' aranak ere. Saltzaileen esanetan, turisten presentziak salmentak bultzatu ditu.
Maria Jesus Oria itsasondoarraren euskal kalabaza Abuztua iritsi dela nabaritu da Ordiziako asteazkenetako azokan. Opor garaia izanik, ohiko saltzaileetako batzuk falta izan dira gaur: lau bat postu gutxiago izan dira, tartean Oñatibi Txiki Baserrikoa eta Patxi Atienzarena. Hala ere, goiz osoan zehar jendea ez da falta izan, eta giro bizia izan da azokan.
Euskal kalabaza, gerezi tomateak eta potxak
Gaurko produktuen artean, Maria Jesus Oria itsasondoarraren euskal kalabaza izan da bereizgarrienetako bat. Kiloa 4 euroan saldu du. Kalabaza honek forma berezia du eta, barrutik, laranja kolore bizikoa da. Oria berak azaldu duenez, euskal kalabazaren eta mallorkarraren arteko nahasketa da. Hazia ‘Sindikatoa’ nekazarien Goierriko Kooperatibaren dendan erosi zuen.
Zurutuza ahizpen postuan ere koloreak izan dira nagusi. Gerezi tomate horiak eta gorriak ekarri dituzte azokara, 10 euroan kiloa. Tomate txiki horiei «txerri tomate» deitzen diete batzuek, ingelesezko cherry hitzaren itzulpenetik abiatuta. Euskaraz, ordea, gerezi tomatea da forma egokiena: gereziaren antza duen tomatea, besterik gabe.
Tomateen ondoan, potxak ere izan dira salgai, 12-14 euroan kiloa. Ekainetik irailera izaten da gutxi gorabehera potxaren garaia, eta gaurko produktuen artean bere lekua izan du.
Perretxikoei dagokienez, postu bakarra izan da gaurkoan. Mikel Lasak onddoak 30 eta 38 euro artean izan ditu salgai kiloa, eta zizahoriak, berriz, 25 euroan.
Udako frutak eta Agrojate proiektua
Fruta-postuetan ere udako eskaintza nagusitu da. Asteasuko Nataliaren postuan, Cojón de fraile izeneko aranak eta mertxikak 3 euroan izan dira kiloa. Ordiziara Ester, Iraitz eta Natalia etorri dira, Agrojateko proiektuaren ordezkari gisa. Agrojateko 2011n Asteasu eta Larraul artean dagoen Olatza baserrian sortutako nekazaritza ekologikoko proiektua da, Biolur elkartean parte hartzen duena. Frutak, barazkiak eta zukuak saltzen dituzte bertan, baina otarrak ere. Horrez gain, ardiak, ahuntzak, oiloak eta bestelako animaliak ere zaintzen dituzte. «Hontaz bizi gara, ilusio handiarekin», azaldu dute.
Turistak, azokaren beste bezero batzuk
Abuztuko opor giroak eragina izan du azokako jardunean, baina ez soilik saltzaileen artean. Saltzaileek azaldu dutenez, kanpotik etorritako turista ugari ari da Ordiziako azoka bisitatzen, eta horrek salmentetan ere eragina izan du. Haien esanetan, abuztua hilabete ona izaten ari da, eta salmentek zertxobait gora egin dute.
Udako produktu koloretsuek, bertako ekoizleen postuek eta kanpoko bisitarien presentziak, beraz, berezia egin dute gaurko Ordiziako azoka.













