«Elur oreinek zutik eta jaten duten bitartean egin dezakete lo»
'Nola egiten dute animaliek lo?' galderari erantzun diote Irati Diez Virtok eta Maddi Astigarraga Bergarak izen horrekin argitaratu duten liburuan. Datu bitxiak dira nagusi testuan.
Irati Diez Virto. GORKA RUBIO / FOKU Irati Diez Virtok (Segura, Gipuzkoa, 1998) eta Maddi Astigarraga Bergarak Nola egiten dute animaliek lo? liburua argitaratu zuten maiatzean. Diez zientzialaria da, eta bera izan zen animalien loa ikertzearen arduraduna. Astigarragak, berriz, Diezek hitzez azaldutakoa ilustrazio errealistetara eraman zuen. Umeentzako liburua datu bitxiz eta asmakizunez beteta dago. Zein animaliak egiten du lo lau segundoz soilik? Galdera horri erantzun diote, besteak beste, Sua argitaletxeak kaleratu duen lanean.
Nola egin zenuen lo bart?
Txakurrak nire ondoan egin zuen lo; ondorioz, oso ongi.
Noizbait erreparatu diozu zure txakurraren loari?
Bai, lo asko egiten du. Ametsetan hasten denean, batzuetan, gauza arraroak egiten ditu. Korrika dabilela amesten badu, hala hasiko dela ematen du.
Liburuaren gaia bitxia da. Nola bururatu zitzaizuen ideia?
Maider Segurola Euskadi Irratiko kazetariaren harira sortu zen. 2023an deitu zidan esanez irratiko hainbat saio egin nahi zituela hainbat animaliak lo nola egiten zuten azaltzeko. Oso gai polita iruditu zitzaidan. Saio horiek egiteko prestatu nituen testuekin liburu eder bat egin zitekeela iruditu zitzaidan, bereziki haurrentzat. Hala ere, ikusten nuen irudiak behar zirela liburuan, eta Maddi Astigarragarekin harremanetan jarri nintzen. Harekin lan egitea oso erraza izan da; ilustrazio guztiak gustatzen zitzaizkidan. Oso pozik aritu gara elkarrekin lanean.
Zer irizpideren arabera aukeratu dituzu liburuko animaliak?
Animalia basatiak eta, ahal zen heinean, Euskal Herrikoak aukeratu nituen. Beste herrialde batzuetako animalia batzuk ere sartu ditut, oso bereziak iruditu zaizkidalako. Ez nituen aztertu nahi betiko animaliak, hala nola txakurra edo katua. Aukeratutako animaliak elkarren artean ahalik eta desberdinenak izan dira.













