100 urte beteko dira aurten Lazkao Txiki jaio zenetik
Mendeurrena ospatzeko ekitaldi bereziak egingo dira Lazkaon. Lehena Irailaren 4an izango da.
Mendeurrena ospatzeko ekitaldi bereziak egingo dira Lazkaon. Joxe Migel Iztueta, Lazkao Txiki bezala ezagunagoa, 1926ko irailaren 15ean jaio zen, Lazkaomendiko Abaliñe baserrian. Txikitatik piztu zitzaion bertsotarako zaletasuna, eta 17 urterekin egin zuen lehen plaza. Handik aurrera, bere izena eta goitizena Euskal Herriko plazetan zabaltzen joan ziren.
Gaur egun ere, Goierriko pertsonaia ezagunenetariko bat da, belaunaldiz belaunaldi transmititu den figura. Batzuek haren bertso zorrotz eta umoretsuengatik ezagutuko dute; beste batzuek, berriz, marrazki bizidunen bidez edo aitona-amonen kontakizunetatik. Dena den, argi dago Lazkao Txikiren arrastoak bizirik dirauela oraindik, eta haren jaioterriarekin lotura estua duen pertsonaia izaten jarraitzen duela.
Aurten, 100 urte beteko dira Lazkao Txiki jaio zenetik, eta efemeridea ospatzeko hainbat ekitaldi berezi egingo dira Lazkaon.
Lazkao Txiki gogoan
Irailaren 4an, ‘Lazkao Txiki bat-bateko sorgina’ saioa egingo dute. Xabier Amuriza izango da bertan, eta bertsoek eta gogoetek izango dute protagonismoa. 19:00etan hasiko da saioa, Areria Aretoan. Saiorako sarrerak Lazkaoko Udaleko webgunean daude salgai.
Irailaren 15ean, Joxemielen urtebetetze egunean, omenaldi berezia egingo dute haren omenezko harrizko irudiaren inguruan. Ekitaldian Lazkaoko Bertso Eskolak eta Oin-Arin dantza taldeak hartuko dute parte.
Azkenik, irailaren 18an bertso-afaria egingo dute Gerriko Txokoan, Unai eta Eñaut Agirre bertsolariekin, 20:00etan hasita. 25 euro ordaindu beharko dute helduek, eta 15 euro 18 urte artekoek eta langabeek. Afarirako izena ematea irailaren 14a baino lehen egin beharko da, gerriko liburu-dendan, 943886500 edo 688822871 zenbakira deituta edo gerrikokultura@gmail.com helbidera idatzita.













