Zesta-punta jaialdia egingo dute Urretxun
Irailaren 4an izango da jaialdia, 18:30ean hasita. Aurretik, zesta-punta ikastaroa egingo da haurrentzako.
Ederrena pilotalekuaren artxiboko argazkia. Urretxuk zesta-puntaren hitzordu nagusietako bat hartuko du irailaren lehen astean, Open Jai Alai txapelketaren barruan. Egitasmoaren helburua zesta-punta sustatzea eta modalitatea herritarrengana hurbiltzea da. Antolatzaileen esanetan, txapelketak ez du soilik goi mailako lehia eskaintzen, baizik eta herriz herri zesta-punta ezagutarazteko eta belaunaldi berriak kirolera erakartzeko ekintzak ere antolatzen ditu.
Jaialdia 18:30ean hasiko da, Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.
Zesta-punta ikastaroa
Jaialdiaren aurretik, abuztuaren 31n, irailaren 1ean, 2an eta 3an, zesta-punta ikastaroa egingo da Ederrena pilotalekuan. Ikastaroa 10 urtetik gorakoentzat izango da.
Saioak ordubetekoak izango dira eta lau txandatan banatuko dira: 16:30, 17:30, 18:30 eta 19:30. Txanda bakoitzean gehienez 8 parte-hartzaile izango dira; beraz, guztira 32 plaza eskainiko dira. Taldeak adinaren arabera osatuko dira.
Izen-ematea udalaren webgunearen bidez egingo da. Epea amaitutakoan, Urretxuko Udala parte-hartzaileekin harremanetan jarriko da dagokien ordutegia jakinarazteko. Plazak mugatuak dira, eta eskaria handiagoa bada, izen-emateen hurrenkera errespetatuko da.













