Bi jardunaldi gastronomiko egingo dituzte Legazpin
Lehenengoa irailaren 2an egingo dute, eta bigarrena, berriz, irailaren 18an. Bietan, bertako produktuak, ekoizleen lana eta haien atzean dagoen prozesua ezagutzeko aukera izango da.
Lekanazpi elkartea. Artxiboko argazkia. Lekanazpi elkarteak bi jardunaldi gastronomiko antolatu ditu irailerako. Lehenengoa irailaren 2an egingo dute, eta bigarrena, berriz, irailaren 18an. Bietan, bertako produktuak, ekoizleen lana eta haien atzean dagoen prozesua ezagutzeko aukera izango da.
Irailaren 2ko hitzordua
Lehen jardunaldian, barazkiak eta haragia izango dira protagonista. Goierriko bi ekoizlek, Aitorrek eta Jesusesk, hartuko dute parte saioan.
Alde batetik, Saltsamendi baserriko ekoizpenaren berri emango dute, barazkien ekoizpenean eta horiek baserritik mahaira egiten duten ibilbidean arreta jarrita. Bestetik, Errementari baserrikoek txekor-haragiaren ekoizpena eta bertako produktuaren balioa azalduko dituzte.
Jardunaldiaren ardatza, ordea, dastaketa izango da. Bertako produktuekin prestatutako bost plater dastatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek: barazkiak, piper beteak, lasagna, albondigak eta tripakiak.
Saioa 19:00etan hasiko da, Lekanazpi elkartean, eta parte hartzeko 15 euro ordaindu beharko dira. Aurrez sarrera erosi beharko da, Vivetix plataformaren bidez, lotura honetan: https://vivetix.com/es/entradas-baserritik-mahaira-4fzx/session?token=ti6ljx6LoUd
Irailaren 18ko saioa
Bigarren jardunaldian, berriz, tomatea izango da protagonista. Baratzeko tomatearen munduan sakontzeko, barietate desberdinak ezagutzeko eta horien dastaketaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek.
Jon Ander baratzagileak bere ezagutzak eta esperientzia partekatuko ditu saioan, tomatearen ezaugarriak eta barietateen arteko berezitasunak ezagutarazteko.













