Beasaingo landa eremua, mural bihurtuta
Beasaingo Udalak herriko landa eremua irudikatzea eskatu zion Xabier Anunzibairi, eta muralistak Garin auzoa hartu du abiapuntu.
Lertxuna Garin auzoaren zaindari. Bigarren urtez jarraian, Xabier Anunzibaiek murala margotu du Beasainen, Lazkaotik herrira sartzeko tunelean. Hilabete inguruko lana izan da, eta udako beroak baldintzatu du neurri batean prozesua, muralistak tenperatura altuekin egin behar izan baitu lan.
Aurtengo lana iazko muralaren jarraipena da, baina baditu zenbait ezberdintasun, batez ere formatuari dagokionez. Anunzibaiek azaldu duenez, iazkoak 400 metro koadro inguruko azalera zuen, eta aurtengoak, berriz, 300 metro koadrokoa. Altuerari dagokionez, berriz, oraingoan handiagoa izan da: lauzpabost metro inguruko hormak izan ditu murala egiteko. Horri esker, irudi gutxiago baina handiagoak egiteko aukera izan du, eta muralistak aitortu duenez, «erosoago» sentitu da aurtengo lanean.
Formatuan aldaketak egon diren arren, iazko lanaren estiloari, gaiari eta koloreei eutsi die Anunzibaiek, muralen arteko lotura mantentzeko.
Lanaren nondik norakoa
Aurtengo lanaren asmoa iazko muralari jarraipena ematea izan da. Beasaingo Udalak herriko landa eremua irudikatzea eskatu zion Anunzibairi, eta muralistak Garin auzoa hartu du abiapuntu. Auzoko irudi bat oinarri hartuta, lertxun baten irudia ere gehitu du, azken urteotan Oria ibaian animalia horiek izan duten presentziagatik. Anunzibaiek azaldu duenez, berari eta semeari beti eman izan die arreta ibaian ikusteak.
Eskalarekin jokatzeak, gainera, lertxuna Garin auzoaren zaindari moduan irudikatzea ahalbidetu dio. Lertxunarekin batera, Mari jainkosaren irudia ere txertatu du. Euskal mitologiako pertsonaia garrantzitsua izateaz gain, Beasaingo jaietan ere badu protagonismoa, Mariren jaitsierarekin ematen baitiete hasiera festei.
Anunzibaiek Mariren irudikapen propioa sortu du. Bi esku handi ageri dira suaren inguruan, eta artistak nahita utzi du interpretaziorako tartea: «Ez dakigu oso ondo sua hartzeko, itzaltzeko edo botatzeko asmotan dagoen; hori bakoitzak nahi duen moduan interpreta dezala».
Jendearen iritzia
Jendearen harrerari dagokionez, oso feedback ona jaso duela azaldu du Anunzibaiek. Herritarrek eskertu egiten dute lehen degradatuta zegoen pareta bati bestelako itxura eman izana, eta, gainera, Beasainekin eta bertako ingurunearekin lotutako irudiek gertutasun eta identifikazio sentsazioa sortzen dute.
Muralistaren esanetan, Garingo herritar bat baino gehiago hurbildu zaio muraleko zein etxetakoak diren azaltzera: «Horrek herrikideei ere ilusioa egiten die eta identifikatuta sentitzen dira, murala ere propioagoa sentituz. Hori ikustea polita da».
Iazko muralaren bilakaera
Iazko muralari dagokionez, egoera onean mantendu dela azaldu du Anunzibaiek, nahiz eta denboraren eta trafikoaren eraginez zikinkeria geruza bat pilatu zaion. «Aspaldian euririk egin ez duenez, pixka bat belztuta ikusten da, baina, bestela, oso ondo mantendu da», adierazi du.
Aurrera begira, bi udatan egindako lanari jarraipena emateko aukera ikusten du muralistak. Udalak hala proposatuz gero, hirugarren mural bat egiteko prest eta gogotsu dagoela azaldu du.













