Lurra dantza taldea Grezian dabil, nazioarteko folklore jaialdi batean
Taldea abuztuaren 21ean iritsi zen herrialdera, eta hilaren 28ra arte egongo da bertan. Guztira, 24 lagun joan dira bidaian, dantzariak eta musikariak tarteko.
Urretxuko Lurra dantza taldea Grezian dago egunotan, Agrinioko Nazioarteko Dantza Tradizionalen Jaialdian parte hartzen. Taldea abuztuaren 21ean iritsi zen herrialdera, eta hilaren 28ra arte egongo da bertan. Guztira, 24 lagun joan dira bidaian, dantzariak eta musikariak tarteko.
Grezian egiten ari diren egonaldian, hainbat herritan euskal dantzak eta musika erakusten ari dira. Goizez inguruko herriak eta inguruak ezagutzeko aukera izaten dute, eta arratsalde eta iluntzeetan, berriz, emanaldiak eskaintzen dituzte.
Aurreko egunetan Astakosen izan dira, eta bertan gaueko emanaldia eskaini zuten. Jaialdiaren irekiera ekitaldia, berriz, atzo, abuztuaren 24an, egin zuten Agrinion. Guztira, hamaika atzerriko taldek eta herrialde anfitrioiko taldeek parte hartzen dute aurtengo 21. edizioko jaialdian.
Festifolk sarearen bidez
Lurra dantza taldeak nazioarteko jaialdietan parte hartzeko aukera du, Festifolk folklore jaialdien antolatzaileen elkarteko kidea delako. Erakundea Estatu osoko hogeita hamar bat jaialdik osatzen dute, eta Lurra dantza taldea eta Urretxuko Herri Arteko Folklore Jaialdia 2008an batu ziren sarera, eskubide osoko bazkide gisa.
Handik gutxira, Herri Arteko Folklore Jaialdia Festifolkeko Zuzendaritza Batzordean sartu zen. 2023ko urtarriletik elkarteko lehendakariordeetako bat da, eta 2024an karguan berretsi zuten.
Horrela, Urretxuko taldeak Euskal Herriko folklore eta dantzak nazioarteko agertokietara eramateko aukera izaten du, beste herrialdeetako taldeekin esperientziak eta kulturak partekatuz.













