CAFek hamabost tranbia hornituko ditu Frantziarako
Beasaingo enpresak azaldu duenez, bidaia-denborak murriztea eta beste garraiobideekiko intermodalitatea hobetzea espero dute.
Île-de-France Mobilitések 150 milioi eurotik gorako kontratua esleitu dio CAF enpresari, T13 linearako 15 tren-tranbia hornitzeko.
Beasaingo enpresaren tranbiei esker, T13 linea Acheres udalerriraino luzatzea aurreikusi dute. CAFek azaldu duenez, bidaia-denborak murriztea eta beste garraiobideekiko intermodalitatea hobetzea espero dute. Era berean, zerbitzua «tren moderno eta fidagarriekin» hornituko dute.
Tranbia bakoitzak zazpi modulu artikulatu izango ditu. Unitateek 42 metroko luzera eta 2,65 metroko zabalera izango dute, eta guztira 256 bidaiarirentzako lekua eskainiko dute: 86 eserleku eta zutik bidaiatzeko 170 plaza.
Kontratuak trenak hornitzeaz gain, flotarako ordezko piezak eskuratzeko aukera ere jasotzen du. Halaber, etorkizunean tren gehiago erosteko aukera aurreikusi dute.
Esleipen berri horrekin, CAFek Frantziako merkatuan duen presentzia indartuko du.













