Kimu Berrik denboraldi berriari ekingo dio irailean
Irailaren 6an irekiko ditu berriro ateak. Mikel Escuderok irekiko du aurtengo denboraldia.
Irailaren 6an emango dio denboraldiari hasiera Ardanbidetako parajetan dagoen Kimu Berri aterpeak. Abuztuan itxita egon ondoren, Mikel Escuderok irekiko du aurtengo denboraldia.
Aterpea 1982an eraiki zuten auzolanean, eta gaur egun ere belaunaldi berriek filosofia berari eusten diote. Eguneroko lanak boluntarioek eta auzolanean egiten dituzte: negurako egurra prestatzea, margoketa lanak, argindarraren eta ur-horniduraren mantentzea edota inguruko zelaiak garbitzea, besteak beste.
Irailetik ekainera, igandero, boluntarioak txandakatzen dira aterpean salda eta txorizo egosia banatzeko. Ohitura iraileko lehen igandetik ekaineko azken igandera arte mantentzen dute. Uztailean, berriz, talde eta herritar ugarik erabiltzen dute aterpea; aurten, esaterako, 13 taldek hartu dute aterpea.
Urteekin, Kimu Berrikoa oso ezaguna egin da inguruan, eta igandeetako ohitura bihurtu da bertara paseoan igo, salda eta txorizoa jan eta inguruaz gozatzea. Legazpin, gainera, askok «Lakiolara igotzea» deitzen diote plan horri.
Urtean behin erromeria ere antolatzen dute aterpearen inguruko zelaietan. Aurtengoa urriaren 25ean izango da, eta antolaketa lanak dagoeneko aurreratuta dituzte. Aurten ere apustu berezia prestatzeko asmoa dute, egun horretan inguruko herritar eta mendizaleak berriro elkartzeko.













